Emaitzen faltan, arraunzaleen berotasunak alaitu du Kontxa

Juan Luis Romatet-onintza Lete Arrieta 2015eko irailaren 15a

Gizonezkoetan Oriok eta emakumezkoetan Zumaiak hirugarren postuekin konformatu behar izan dute. Bi elkarteetako presidenteek baloratu dute igandeko jardunaldia.Gozoekin baino, sentsazio gaziekin atera dira eskualdeko arraun elkarteak Kontxako estropade...

Gizonezkoetan Oriok eta emakumezkoetan Zumaiak hirugarren postuekin konformatu behar izan dute. Bi elkarteetako presidenteek baloratu dute igandeko jardunaldia.

Gozoekin baino, sentsazio gaziekin atera dira eskualdeko arraun elkarteak Kontxako estropadetatik. Emakumezkoetan, Zumaiak bazuen bere bigarren bandera irabazteko itxaropena, baina, lehen jardunaldian bezala, hirugarren egin zuten bigarren igandean barruranzkoan aukera guztiak galdu ondoren. San Juango batelerek irabazi zuten bandera eta Hibaika izan zen bigarren. Orio helmugaratu zen laugarren bi jardunaldietan.

Gizonezkoetan, bigarren igandean finago ibili zen Orio: estropadako buruan joan zen lehen luzean, baina ziabogaren ondoren Bermeok bere potentzia guztia ezarri zien arraunkadei eta, bigarren jardunaldian irabazita, bandera Bizkaia aldera eraman zuen. Oriok hirugarren egin zuen bai bigarren igandean, baita sailkapen orokorrean ere.

ANJEL ETXANIZ

Telmo Deun A.E.-ko presidentea

«Denboraldia biribiltzea falta izan zaigu»

Emakumezkoek arraun denboraldian irabazitako 18 banderak astindu zituzten igande arratsaldean Zumaian egindako harrera ekitaldian. Denboraldiko garaikur garrantzitsuenak, baina, Pasaia aldera joan dira. Horren jakitun da Anjel Etxaniz, Telmo Deun Arraun Elkarteko presidentea denboraldia biribiltzea falta izan zaiela esatean. «Bi txapelketa handienak irabazi gabe gelditu dira, eta gainontzeko guztiak irabazi ditugu. Txapelketa guztiak irabazi ditugu Espainiako traineruena izan ezik. Denboraldi hasiera oso ona egin genuen baina bukaera luze samarra egin zaigu. Agian, besteek hobeto prestatu dute amaiera, Euskotreneko txapela eskuan zutelako. Borobiltzea falta izan zaigu».

Nahiz eta lehen jardunaldian hirugarren egin zuten San Juanekiko 3 segundora, Zumaiak bazuen Kontxako Bandera irabazteko itxaropena, are gehiago kale zozketan hirugarren kalea egokitu zitzaionean. «Zozketara gindoazela arraunlari batek esan dit gaur hirugarren kalea zerurako autopista zela; autopista hor zutela eta ea autoak funtzionatzen zuen esan diot nik gero. Baina ikusi da ez duela funtzionatu, barrurantz batez ere. Kanpora ondo joan dira baina lana osatu ezinik gelditu gara», azaldu du presidenteak.

IBON HUEGUN

Orio A.E.-ko presidentea

«Mutilek ikaragarrizko estropada egin zuten, lehen jardunaldia da pena»

Orioko gizonezkoen traineruak herenegun Kontxan egin zuen lanarekin gustura da Ibon Huegun Orio Arraunketa Elkarteko lehendakaria: «Ikaragarrizko estropada egin zuten, txanda irabazteko borrokan ibili ziren, eta aurpegia eman zuten. Mutilek zoriontzeko moduko lana egin zuten». Era berean, ordea, lehenengo jardunaldiarekin gogoratu zen Huegun: «Pena izan zen lehen jardunaldikoa, bandera urrutitxora joan zitzaigun han». Bandera eskuragaitz eduki arren, zaleek betiko animoekin hartu zituzten arraunlariak Donostiako arranplan.

Baita emakumezkoen trainerua ere. Laugarren egin zuten lehen jardunaldian, eta laugarren, azken igandean ere. «Iaz Kontxan koska bat gora egin zuten neskek, eta aurten ere espero genuen koska hori igotzea, banderara gerturatzea, baina ez da posible izan», azaldu zuen Huegunek. «Igandean fuerte hasi ziren lehian, lehen ziabogan borrokan aritu ziren, baina bueltakoan nahi baino urrutiago gelditu ziren».

Bermeotarren garaipenaz galdetuta, Huegunek uste du «meritu handia» dutela txapelketetan lortutako garaipenengatik. «Iaz txapelketa guztiak irabazi zituen, eta aurten ere asmatu egin dute data berezi horietan. Oso zaila da hori, eta baloratzekoa da». Kontxari dagokionez, igandean Urdaibaik «erakustaldia eman zuen», nabarmendu zuen oriotarren presidenteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide