Emakumeak korrika egitera bultzatzeko nahitik jaio zen Azkoitian iaz Ttipi Ttapa elkartea. Ordutik ez dira gelditu, eta astean bizpahiru aldiz elkartzen da emakume taldea Jose Antonio Zulaikaren gidaritzapean korrika egiteko. Maila guztietako korrikalariak daude taldean, eta helburu nagusia da korrikaz gozatzea taldeak ematen duen giro ederrean.
Astearte eta ostegunetan, goizez 10:00etatik 11:00etara edo, arratsaldez, 18:00etatik 19:00etara elkartzen dira; zapatuetan, berriz, 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Elkarguneko bazkideek 35 euro ordaindu behar dute hilean, bi entrenamenduren truke. Korrika saioaz gain, mantentze lanak egiten dituzte, 20 minutuz, kiroldegian bertan. Irailaren 22an hasiko dituzte saioak.