Zestoako Herri Eskolan jolastokia eraberrituta hasi dute ikasturtea

Nerea Uranga 2015eko irailaren 11

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako DBHkoek hurrengo ikasturtean estreinatuko dute ikastetxe berria. Beizamako eta Errezilgo haur eskolek bete dituzte helburuak.Milaka haurrek eta gaztetxok hasi dute 2015-2016 ikasturte berria eskualdeko herri eta auzoe...

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako DBHkoek hurrengo ikasturtean estreinatuko dute ikastetxe berria. Beizamako eta Errezilgo haur eskolek bete dituzte helburuak.

Milaka haurrek eta gaztetxok hasi dute 2015-2016 ikasturte berria eskualdeko herri eta auzoetan. Batzuek egun batzuk lehenago eta besteek geroago, baina aste baten barruan hasi dira. Martxa hartzerako egun batzuk pasatuko dira; ikaskide eta irakasle berriak ezagutu behar aurrena. Txikienek, berriz, egokitu egin behar.

Eskolara joan eta berrikuntzak aurkitu dituztenak ere badira eskualdean. Zestoako Herri Eskolan, festak eta gero atzo hasi zuten lehen eskola eguna, eta jolastokia eraberrituta aurkitu zuten ikasleek. Jolastokiko zoruan belar artifiziala jarri dute oporretan egon diren bitartean. «Duela bi urte Mondragon Unibertsitatearekin eskolako jolastokiaren erabileraz azterketa bat egin zen, hezkidetzaren ikuspuntutik», azaldu du Joxeba Larrañaga eskolako zuzendariak.

Eskolako zorua aldatzea onartu zuten Zestoako Udalean, eta Eusko Jaurlaritzaren onespena ere jaso zuten. Ondoren, zorua belar artifizialekoa izateko aukera sortu zitzaien. «Zestoako Kiroldegikoek Bizkaiko herri batetik kendu behar zuten belar artifiziala berrerabiltzeko aukera proposatu ziguten. Hainbat eztabaida eta gero, aukera ezin genuela galdu eta aurrera egin genuen. Eskolako oporraldian Zestoako udal langileek jarri dute zoru berria, eta ea orain zer emaitza ematen dituen», azaldu du Larrañagak. Udalarekin harreman ona dute, eta berrikuntzak-eta egiteko ahalegina egiten ari direla dio: «Udala bere ahalmen mailan ari da, herrian Zestoako Herri Eskolaz gainera Arroabekoa eta Aizarnakoa ere badaude-eta».

Belar artifiziala jarri dute, baina ez da izango futbol zelai bat. Hain justu, futbolerako ateak kendu egin dituzte. Lehen egunean gustura hartu zuten aldaketa ikasleek, jolas garaian saltaka ibili ziren batetik bestera zoru berria estreinatzen.

Zorua aldatuta, «osasunean ere irabazi» dutela dio Larrañagak: «Lehen umeak erortzen ziren bakoitzean min hartzen zuten-eta».

Baina, herri eskolako atariko aldaketa bakarra ez da izango zorua. Jolastokiaren goiko aldean etxola bat eta zuhaitz artean ibilbide bat prestatzen ari dira, eta bertan lasai egoteko toki bat ere jarriko dute: «Eguraldiak laguntzen duenean, ikasgelatik kanpo klase bat edo beste emateko aukera izango dugu bukatutakoan».

Gero, jolastokiaren antolaketan erabakitzeko ikasleekin bilerak egin nahi dituzte, denen artean adosteko.

Amaraberri sistemarekin egiten dute lan Zestoako Herri Eskolan, eta aldi oro berrikuntzak txertatzen ari direla dio zuzendariak. Horrez gain, hezkidetza programa eskolako eremu guztietara zabaldu nahi dute, irakasleekin eta gurasoekin bat eginda.

Azkoitian, datorrenean

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako DBHkoak ere gertutik segitzen ari dira ikastetxe berriaren eraikina egiteko lanak. Gaur egun, Urola Ikastolaren eta Xabier Munibe Ikastolaren HH eta LHko eraikinetan dituzte ikasgelak, eta hala moldatzen dira. «Ikastetxe berria egiteko lanak aurrera doaz, atzeratuta baina aurrera. Datorren urtean bukatzea espero dugu, eta 2016-2017ko ikasturtea eraikin berrian hastea aurreikusten dugu», aurreratu du Lurdes Aristimuño Xabier Munibe Ikastolako DBHko zuzendariak.

Herri txikietako txikienak

Eraikin, behar eta hezkuntzako erronka berriez gainera, herri txikietako haur eskolek bizirik segitzeko gainerako bat ere badute: haur eskola zabalik mantendu ahal izateko gutxieneko haur kopurua izatea. Alde horretatik, beste behin helburua lortu dute Beizamako eta Errezilgo haur eskoletan: hiruna ikaslerekin hasi berri dute ikasturtea.

«Errezilgo Haurreskolak hiru umerekin hasi du ikasturte berria, eta urtarrilean laugarren bat hasiko da. Bestela, herri eskolan 62 ikasle hasi dira», diote Errezilgo San Martin Herri Eskolakoek.

Beizamako Haurreskolan joan den ostiralean hasi zuten ikasturtea. «Bi ume 0-1 urtekoak dira eta hirugarrena 1-2 urtekoa. Bat oraindik hasteko dago adinagatik. Beizamarentzako haur eskola zerbitzu on bat da, eta herriko haurrek elkar ezagutzeko modu bat da, bestela baserrietan bizi direlako gehienak», esan du Beizamako Haurreskolako hezitzaile Naiara Etxanizek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide