Azpeitiko Udalak antolatu du egitasmoa, herriko hiru eskolekin eta Baigera jubilatuen elkartearekin batera. Edonork parte har dezake, nahikoa da 09:00etan plazan egotea.
Urola ibaiaren garbiketa antolatu du Azpeitiko Udalak, herriko hiru ikastetxeekin eta Baigera jubilatu elkartearekin batera. Urola Ikastolako, Ikasberri Ikastolako eta Iraurgi Ikastetxeko 200 haur eta gazte baino gehiagok parte hartuko dute garbiketan. 09:00etan bilduko dira guztiak plazan. Eskularruak eta beharrezko materiala emango diete, eta sei talde osatuko dituzte, lanak banatzeko. Bakoitzak gune bat garbituko du: Loiolatik igerilekura, igerilekutik plazara, plazatik Ibai Eder kalera, plazatik Madalena auzora, Madalenatik Eskuztara eta handik Basabe baserrira.11:30ak arte jardungo dute lanean, eta plazan jarritako edukiontzi batean bilduko dituzte hondakin guztiak, gainontzeko herritarrek ikus dezaten zenbat hondakin aurki daitezkeen ibaietan. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute garbiketan parte hartu duten guztiek, arkupeetan. Edonork har dezake parte garbiketan, nahikoa da 09:00etarako plazara agertzea. Udalak animatu egin ditu azpeitiarrak parte hartzera: «Laguntza txikia izanda ere, eskertzekoa izango da. Guztion ardura da gure ibaiak eta ingurumena zaintzea, ondare baliotsuena delako», azaldu du Ainhoa Beristain zinegotziak.
Lau urteko ibilbidea
Badira lau urte udalak lehen ibai garbiketa sustatu zuela, eta emaitza ikusita, eutsi egin diote ohitura horri. Ibaia herritarren artean garbitu zuten lehen aldian hiru kontainer bete zituzten. «Denetik» aurkitu zuten ibaian: bizikleta, pneumatikoak eta telefonoak, kasu. Denon Artean egitasmoaren barruan sortu zen auzolaneko ideia hau.