2015-2016 ikasturteko matrikulazio kanpaina martxan da eskualdeko herrietan. Zestoan eta Orion bulego berriak estreinatuko dituzte, urritik aurrera.
Iraila iritsita, martxan dira izen emateko matrikulazio kanpainak eskualdeko herrietako euskaltegietan. Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian hilaren bukaerara arte egongo da aukera izena emateko, eta klaseak urrian hasiko dituzte.Hastear den 2015-2016 ikasturte honetan, gainera, bulego berriak estreinatuko dituzte Orion eta Zestoan. AEK-k kudeatzen ditu bi bulegoak, eta azken ukituak ematen ari dira egunotan, urrirako dena prest izateko.
Ikasmailei dagokionez, maila guztiak daude eskuragarri eskualdean. Euskara ikasten hasiberriak direnez gain, titulu homologatuak lortzeko aukera eskaintzen dute euskaltegiek maila guztietan. Alfabetatze ikastaroak ere eskaintzen dituzte. Ordutegiak, beharraren arabera moldatzen saiatzen dira herri guztietan, eta astelehenetik ostegunera bitartean izaten dira.
Horretaz gain, mintzalagun taldeak daude osatuta herriz herri, ikasgeletatik haratago euskara kalean praktikatzeko.
Egunerokotasunean eta lanean euskara erabili eta euskaraz bizi nahi dutenengana iristea dute helburu datorren ikasturteari begira euskaltegiek. Eraginkorra eta eskarmentuduna den metodologia erabiliz, euskara ikastea posible dela eta merezi duela jakinaraziz.
Beherapenak eskuragarri
Arlo ekonomikoari dagokionez, baldintzak aldatu egiten dira herriz herriz. Azkoitian, esaterako, saria izango dute aurreko ikasturteko ikasleek: euskara ikasi nahi duten lagunen izenak proposatzen dituzten ikasleen artean matrikulazio bat zozkatuko da, eta, izena proposatu duen ikasleak %50eko beherapena jasoko du. Gainera, %85eko asistentzia duten ikasleei matrikularen %75a itzuliko zaie.
Zarautzen, berriz, %80ko asistentzia bermatu beharko dute ikasleek. Zestoan, 100 euroko matrikulazioa ordaintzen dute hasieran eta %80ko asistentzia dutenei osorik bueltatzen zaie ordaindutakoa. Azpeitian, berriz, eta, iazkoari jarraituz, doakoa izango da langabeentzat euskara ikastea. Langabezian dauden ikasleek ez dute matrikulazioa ordaindu beharrik izango. Udalek ematen dituzten laguntzez gain, Eusko Jaurlaritzak HABEren hizkuntz eskakizunak gainditzeagatik eskaintzen dituenak ere badaude.
AZKOITIA (AEK)
Irailaren 26ra arte matrikulatu daiteke bulegoan bertan Kultur Etxeko, 4. solairua, 4.gela, goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Informazioa telefonoz eskuratzeko 943-15 10 89 edo 607-612 697 telefonora deitu, edo azkoitia@aek.org helbide elektronikora idatzi.
AZPEITIA (UDAL EUSKALTEGIA)
Irailaren bukaera arte dago zabalik matrikulazio epea. Kontakturako telefono zenbakia honakoa da: 943-81 19 47. Bestela, euskaltegia@erabili.eus idatzi daiteke edo bulegora gerturatu, Perdillegi kaleko 1.zenbakian.
ORIO (AEK)
Matrikulazioa irailaren 14tik 24ra da. Bulego ordutegia, astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara eta astearte eta ostegunetan 10:00etatik 13:00etara. Informazio gehiago 670-42 00 25 telefono zenbakian edo orio@aek.eus helbidean.
ZARAUTZ (AEK)
Irailaren 24ra arte matrikulatu daiteke, Araba kaleko 13 -2 zenbakian. Goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara.
ZARAUTZ (UDAL EUSKALTEGIA)
Iturribidea kaleko 28. zenbakian kokatzen da Zarauzko Udal Euskaltegia. Informazioa lortzeko deitu 943-13 11 53 telefonora edo idatzi euskaltegia@zarautz.org helbide elektronikora. Bulegoa 09:00 etatik 13:00etara dago irekita goizez, eta, arratsadez, 15:00etatik 19:00etara.
ZESTOA (AEK)
Matrikulatzeko epea irailaren 24ra arte dago zabalik. Kultur Etxeko bulego berriko ordutegia honakoa da: astelehen eta asteazkenetan, 10:00etatik 13:00etara, eta, astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 20:00etara.
ZUMAIA (AEK)
Euskaltegia Bidasoa kaleko 1. zenbakiko beheko solairuan dago. Informazio gehiago behar izanez gero, deitu 943-86 02 48 telefono zenbakira, edo idatzi zumaia@aek.org-era. Matrikulazio epea irailaren 24ra arte dago zabalik.