Azken asteetan albiste diren errefuxiatuei elkartasuna adierazteko eta gaiaren inguruan eman nahi diren hurrengo urratsak aztertzeko batu zen Kultur Etxean, atzo, astelehena, beste behin, herritar talde bat.
Aurrenekoz pasa den ostiralean, irailak 4, egin zuten elkarretaratzea, eliz atarian, Gerrako iheslariei elkartasuna lelopean. Talde gisa egin dezaketenaz hitz egin zuten herritarrek bertan, eta oharra irakurri zuten gero.
Azkoitia, babes herria
Azkoitiko Udalak errefuxiatuen inguruko «lanketa» egin eta «babes herrien sarean sartzeko ahalegina» egin beharko lukeela uste du herritar talde honek; horregatik, udalera jotzeko asmoa dutela jakinarazi zuten.
«Inguruko beste herrietako udalekin eta eragileekin elkarlanean aritu beharko dugu, eta konpetentzia Espainiako Gobernuari dagokionez, errefuxiatuak hartzeko aukeren inguruko gestioak egin beharko dira», azaldu dute oharrean.
Horretaz gain, konponbidea hesiak jartzean baino, pertsona hauei bizimodu duina ematean dagoela irizten diote, eta, «ahalik eta azkarren beraien herrietara itzultzeko baldintzak izan ditzaten lan egitean». «Hori lortu bitartean», jakinarazi zuten, «behar duten laguntza emateko beharrezkoa izango da elkartasun sareak antolatzea», eta, bien bitartean, Azkoitiko herritarrek ere prest egon beharko luketela iritzi zioten.