Euskal jaia maite badugu, zaindu dezagun
Jakina denez, 1.924tik irailaren 9an Euskal Jai Eguna ospatu ohi dugu Zarautzen. Jai egun berezi hau iritsi aurreko egun hauetan, hainbeste maite dugun festa kuttuna ahalik eta giro adiskidetsu eta alaienean igaro dadin nire gogo sendoa helarazi nahi dizuet. Zarautzen bizi garenok biziki maite dugun festa da Euskal Jai Eguna, eta gu bisitatzera etorriko diren asko eta askorentzat ere, arrunt berezia da. Azken urteotan, ordea, kezkaturik eta arduraturik daude hainbat herritar, Euskal Jai Egunean festan parte hartzen duten batzuengan antzemandako jarrera desitxurosoa dela eta. Ez da harritzekoa.
Euskal Jaietako egunetan, baserritar jantziak janzten ditugu herritarrok, Euskal tradizio herrikoiak berreskuratu eta gorde nahian. Jantzi aldetik, oso egoki janzten diren zarauztarrak asko diren arren, desegoki janzten direnak ere badira. Gero eta gehiago. Janzkeran ere, tradizioa txukun mantentzen saiatzeko ahalegina egin beharko genuke guztiok. Zaindu dezagun, beraz, usadiozko janzkera.
Supermerkatuko karroak kale botiloia egiteko erabiltzea baino plan hoberik eskaintzen digu festak. Geroz eta jende gehiago etorri ohi da kanpoko herrietatik jai egun hau beste edozein parranda bezalakoa balitz bezala ospatzera. Horren aurrean, zarauztar guztioi dagokigu ikusaraztea Euskal Jai egunak baduela bere izaera propioa. Jar dezagun arreta festa giroan sortzen ditugun hondakinak egoki jasotzen. Horretarako Udalak edukinontziak eta baliabideak jarriko ditu festa guneetan. Garbi joka dezagun. Kalea guztiona da.
Era berean, jaia euskaraz bizi eta ospatzera animatu nahi zaituztet, Euskal Astearen baitan antolatuko diren ekintzetan parte hartuz eta, batez ere, hilaren 9a, bakoitzak nahi duen tokitik eta nahi duen eran bizi dezala, baina gainontzeko bizilagunen bizikidetza eta aniztasunarekiko errespetu berarekin.
Zarauztarrok, egin dezagun Euskal jai eguna festa eredugarri, eta goza dezagun, gure nortasunaren bereizgarri beti izan diren alaitasun sanoarekin eta benetako elkartasunarekin. Jai alai, baketsu eta eraso sexistarik gabeak gozatzera deitu nahi zaituztet zarauztar eta bisitariak. Festa giroa, bere funtsa diren ohiturak eta bizilagunak errespeta ditzagun eta bide batez, Euskal Jaia maite badugu, zaindu dezagun.
Xabier Txurruka
Zarauzko Alkatea