Guztientzako triatloia

Aritz Mutiozabal 2015eko irailaren 2a

II. Aia-Orio Triatloi Txikia eta Herrikoia jokatuko dute larunbatean, Txurrukako aterpetxearen inguruan. Triatloi udalekuak biribiltzeko proba izango da.Nik Tri egitasmoak antolatuta, triatloi udalekuak egiten ari dira aste honetan Txurrukako aterpetxe...

II. Aia-Orio Triatloi Txikia eta Herrikoia jokatuko dute larunbatean, Txurrukako aterpetxearen inguruan. Triatloi udalekuak biribiltzeko proba izango da.

Nik Tri egitasmoak antolatuta, triatloi udalekuak egiten ari dira aste honetan Txurrukako aterpetxean, eta, bigarren urtez, Aia-Orio Triatloi Txikia eta Herrikoiarekin biribilduko dute egonaldia. Larunbatean jokatuko da aterpetxearen kanpoaldean eta inguruetan, 11:00tatik aurrera. Proba irekia da, eta ez dago udalekuetako gaztetxoei bakarrik bideratuta. Parte hartu ahal izateko gutxieneko adina 8 urtekoa da 2007. urtean jaiotakoak, alegia, eta hortik aurrerako edonork eman dezake izena.

Adinaren araberako distantziak zehaztu dituzte: 8-10 urte bitartekoek 50 metro igerian, 1.000 metro bizikletan eta 250 metro korrika; 11-12 urte bitartekoek 100 metro igerian, 2.000 metro bizikletan eta 500 metro korrika; 13-14 urte bitartekoek 150 metro igerian, 3.000 metro bizikletan eta 750 metro korrika; eta 15 urtetik gorakoek 200 metro igerian, 4.000 metro bizikletan eta 1.000 metro korrika.

Lehiakortasuna albo batera utzita, Aia-Orio Triatloiak kirola bera eta bere balioak sustatzea du helburu nagusi. Hori horrela, jai eta laguntasun giroan jokatuko den proba herrikoia izan nahi du, parte-hartzaile guztiak garaile izango dituena. Izena eman nahi dutenek www.niktri.com helbidera sartu beharko dute edo 943-83 36 41 telefono zenbakira deitu.

54 triatleta gazte

Herenegun abiatu zituzten triatloi udalekuak, eta larunbatera arte iraungo du, proba egunera arte. Aurtengo deialdiak goia jo duela jakitera eman dute antolatzaileek, aukeran eskainitako toki guztiak osatu baitira. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik iritsitako bederatzi eta hamalau urte bitarteko 54 gaztetxo ari dira gozatzen Nik Tri Udalekuen bosgarren ekitaldiaz.

Triatloiko jarduerak aisialdikoekin uztartzen ari dira egunotan. Goizetan, Fitgüneko buru Hektor Llanos prestatzaile eta triatletaren eskutik triatloia gertutik ezagutzeko eta modalitatean trebatzeko parada izaten ari dira. Arratsaldeetan, berriz, aisialdiari eskaintzen diote tartea, Arazi enpresako hezitzaileen laguntzarekin irteerak, jolasak eta ekintza bereziak garatuz. Aisialdiko jardueren artean, besteak beste, gaztetxoei zuzenduriko pilates saio bereziak egiteko eta ur kirolen batean aritzeko aukera izango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide