Espainiako Pistako Txapelketak jokatu dituzte asteburuan eskualdeko txirrindulariek, eta bertan izan dira Aizarnazabalgo Gorka Etxabe 23 urtez azpiko ziklista eta Zarauzko Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu gazteak. Galapagarko (Madril, Espainia) belodromoan lehiatu ziren igandea bitartean, Euskadiko Selekzioa ordezkatuz. Etxabek zilarrezko domina eskuratu du Open mailako taldekako jazarpenean, Ander Alonso, Jon Irisarri eta Illart Zuazubiskar taldekideekin. Bestalde, banakako jazarpenean, brontzezko domina lortu du 23 urtez azpiko lehiaketan; eta hamargarren postua, berriz, Open mailan. Madison eta Scratch probak ere jokatu ditu; laugarren eta hamazazpigarren tokiak eskuratu ditu.
Jokatu zituzten proba guztietan domina irabazi du Zarauzko bikoteak. Bikoteka txapeldunorde izan da Madison proban, eta gustura itzuli dira Zarauztarra txirrindulari taldeko kideak Pistako Espainiako Txapelketetatik. Aranburu txapeldun izan zen kilometroko proban, eta brontzezko domina erdietsi zuen Scratchean. Olaizolak, berriz, zilarra bereganatu zuen puntuaketako proban, eta brontzea jazarpenean.
Taldekako abiadura proban, Julen Mundin pasaiarrarekin batera, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten, aurreko hiru urtetan txapeldun izan ondoren.