Kirola eta kultura batu ditu segak Azpeitian

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko irailaren 1a

Europako Sega Txapelketa jokatu dute asteburuan, Loiolako belardietan. Hego Tirol izan da txapelduna gizonezkoetan, eta Suitza emakumezkoetan. Jaiarekin uztartu dute proba.Europako Sega Txapelketa jokatu dute asteburuan Azpeitian, Loiolako belardietan....

Europako Sega Txapelketa jokatu dute asteburuan, Loiolako belardietan. Hego Tirol izan da txapelduna gizonezkoetan, eta Suitza emakumezkoetan. Jaiarekin uztartu dute proba.

Europako Sega Txapelketa jokatu dute asteburuan Azpeitian, Loiolako belardietan. Hilabeteak zeramatzan herriak ekitaldiaren zain, eta giro ona izan dute ostiraletik hasita. Hego Tirolgo eta Suitzako selekzioak izan dira garaileak lehiaketan. Gizonezkoetan, banakako eta taldekako garaipena eskuratu du Hego Tirolek; Georg Spiess izan da, hain zuzen, banakako sailkapeneko txapelduna. Emakumeetan, berriz, Suitzak irabazi ditu bi sailkapenak, eta Margrit Fohn izan da podiumaren koxkarik altuenera igo dena.

Sei naziok parte hartu dute txapelketan; guztira, 90 kirolarik. Honako ordezkaritzak izan dira Loiolan: Euskal Herria, Suitza, Austria, Alemania, Eslobenia eta Hego Tirol. Eskualdeko segalari bat lehiatu da, Jexux Goenaga errezildarra. 31. postua eskuratu du hark banakako proban; eta bosgarrena, Euskal Selekzioarekin.

Maila handiko kirolariak

Azpeitian jokatutako probetan, «oso maila ona» erakutsi dute kirolariek, Garikoitz Llobregat Almitza Sega Elkarteko kide eta txapelketako koordinatzailearen hitzetan. «Faboritoen artean zeuden segalari asko ez dira lehen hamarretan sartu, eta horrek erakusten du kirolari onak eta ondo prestatuak izan ditugula txapelketan», azaldu du. Hego Tirolen «nagusitasuna» nabarmendu du, bestalde, Almitzako kideak.

Euskal Selekzioari buruz, berriz, esan du «gehiago» espero zutela, batez ere gizonezkoei dagokienez, eta «pattal antzera» sentitzen direla emaitzak tarteko. Emakumeek, ordea, hirugarren postua lortu dute taldeka, eta emaitza ona dela azaldu du Almitzako kideak.

Kultura eta jaia

Kirolaz gain, berebiziko garrantzia izan du sei nazioetako kulturen arteko harremanak Sega Txapelketan. Hiru eguneko egitaraua osatu dute, eta musika, dantza, desfileak, jatorduak eta beste hamaika ekitaldiz gozatu dute herritarrek eta bisitariek. Llobregaten ustez antolaketa ona izan da, eta Euskal Herrian antolatutako lehia honek ez dio «inbidiarik» Europako gainontzeko nazioetan jokatu diren txapelketei: «Lan pixka bat egin beharko dute ondorengoek, maila hau lor dezaten». Hurrengo Europako Txapelketa 2017an izango da, Suitzan.

Horrez gain, eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari eta azpeitiarrei. Haren hitzetan, «oso ondo erantzun du herriak». Esate baterako, nabarmendu du 2.500-3.000 ikusle izan zituela igandeko saioak, Loiolan. Bestalde, esan du parte-hartzaileek «belardiaren kalitatea» izan dutela ahotan, «zoragarria baita Loiolako gunea».

Azpeitiko Udalak herritarren inplikazioa izan du hizpide. Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak azpeitiarrek parte hartu izana «oso polita» izan dela azaldu du: «Danborradan, desfilean, Berdura Plazako tabernan... jende askok lagundu du, eta guztiei eskertzen diegu parte hartzea». Almitza elkarteari ere eskerrak eman dizkio Azpeitia aukeratzeagatik: «Beste nazioekin harremanak egin ditugu, eta gure selekzioa herrian ikusteko aukera paregabea izan dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide