Joxe Mari Kortaren omenaldian Zestoako Udalaren Parte-hartzeaz Zestoako EH Bilduk

Zestoako Hitza 2015eko abuztuaren 8a

Zestoako EH Bilduren adierazpena.

Ez dugu gustuz idazten, baina gauzak argitze aldera idatzi hau ateratzera behartuak ikusi gara. Zestoako EHbilduk, herriko Udalak Joxe Mari Kortari egin zaion omenaldian parte hartzeko erabakiarekin bat eginaz, udaleko bere ordezkaritza bertan izateko prestasuna lehen momentutik azaldu duela adierazi nahi du. Erabakiarekin ados egon arren, ez zaigu batere zuzena iruditu EAJk eta bereziki alkateak izandako jarrera. Izan ere, gurekin harremanetan jarri aurretik euren kabuz hartzen dutelako erabakia, guri ezer esan aurretik komunikabideei erabakiaren berri emanaz. Ondorioz, hainbat komunikabidek, Zestoako Udalak ofizialki omenaldian lehen aldiz parte hartu izana, ehbilduren erru gisa irudikatu nahi izan dute, iragan urteetan EAJk gehiengo osoz lehen ere Zestoan alkatetza izan duela ahaztuta. Komunikabideetara bandoa bidali eta gero, azken unean eta inolako azalpenik eman gabe, Joxe Mendizabal alkateak, EHbilduko zinegotzi bati, telefono mezu bat bidaltzen dio, Udalak omenaldian parte hartuko duela adieraziaz eta EHbilduri bertan izateko aukera emanaz. Honek, EHbilduk omenaldian parte hartzeko borondate eta prestasuna adieraztearekin batera, hain gai serioa lantzeko erabilitako azken uneko moduak ez zaizkiola egokiak iruditzen azaltzen dio. Handik ordu erdira, SER irrati katearen webgunean alkatearen adierazpen batzuk agertzen dira zeinetan besteak beste, Ehbilduko bost zinegotziak omenaldira gonbidatuak daudela eta oraindik erantzunik ez duela jaso adierazten duen. Hasieran adierazi bezala, ehbilduko ordezkaritza bertan izango dela baieztatzen zaio. Harrigarriena eta gauzak argitzeko idatzia argitaratzera behartu gaituena, Euskadi Irratian alkateak egindako adierazpenak izan dira, non besteak beste, Ehbildurekin akordioa daukala esatera iristen den. Gauzak horrela, hainbat gauza argitu beharrean aurkitzen gara, lehenik eta behin, ez dela inolako akordiorik egon, hasteko ez Zestoako EAJ eta ez alkatearen aldetik ez dugulako inolako dei edo hitzordurako proposamenik jaso, azken uneko “whatsap” mezu soil bat izan da bidali diguten guztia. Tristuraz diogu, benetan onartezina bezain ulertezina gertatzen zaigula, gure herriko gairik serioenetako bat antzeko arinkeriaz eta hain modu desegokian kudeatzea. Bigarrenik, aipatu irratian, alkatea bakegintza eta elkarbizitza bultzatzeaz aritu den bezala arituta, ez dugu ulertzen hainbeste urtetan herriko jaietan inongo arazorik gabe jai giroan euskal presoen eskubideen aldeko afari herrikoi jendetsua egitarautik kentzeko erabakia nolatan hartu duten, jai batzordearen iritzia kontutan hartu ere egin gabe. Eta azkenik, herri honetan itxi gabe ditugun zauri eta minak leundu eta behingoz ondorengo belaunaldiei herri baketsu bat eskaintzeko bidean lan egingo dugula adierazi nahi dugu, guztion arteko akordio orokor bat desio dugularik.  Gure aldetik autokritika zintzoa eginaz, iraganean Ezker Abertzaleak ETAren biktimekiko agertutako sentsibilitate ezak, hauen mina areagotu izan duela aitortuaz. Horrexegatik, eta Joxe Mari Korta zenaren senide eta lagunei zor diegun elkartasuna adieraziaz, umiltasun osoz omenaldian izan gara eta egon behar den guztietan izango gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide