Salbatore Eguna ospatu dute Getarian, eta San Donato eta San Lorentzo jaiak abiatu dituzte Aian. Beraz, datozen egunetan izango da zer egin eta zertaz gozatu batean zein bestean.
Abiatu dituzte jaiak Aian eta Getarian. Herriko jai nagusien zain ziren aspalditik bateko eta besteko herritarrak, eta jai giroa antzeman da atzotik bi herrietan. Getarian, esaterako, Salbatore Eguna ospatu zuten atzo. Tradizioa jarraituz, meza nagusian parrokiko abesbatzak kantatu zuen, eta ondoren alkateak ohorezko agurra dantzatu zien herritarrei udaletxe aurrean. Plaza jendez bete zen alkatea dantzan ikusteko, eta dotore aritu zen Nika Lertxundi getariarren aurrean. Txalo zaparrada artean txapela publikoari botaz amaitu zuen saioa.Jarraian, Getariako Musika Bandak kontzertua eman zuen Harritarten, eta Keta Xake Taldeak antolatuta, xake ikuskizuna egin zuten Berdura Plazan. Taldeko kide Jaime Arozenak aldi berean 15 partida jokatu zituen herriko haurren kontra. Antolatzaileak pozik ziren: «Oso gustura gaude ekimenak izan duen erantzunarekin, ez genuen hainbat haur espero».
Ikurrina eta San Donato
Bestetik, San Donato eta San Lorentzo jaiak abiatu zituzten atzo arratsaldean Aian. Hegazti harraparien erakustaldia eta zumba maratoia egin zuten arratsaldean, eta iluntzean txupinazoa bota zuten jai giroan.
Gaur ere ekitaldi ugari izango da bi herrietan, Getarian Ikurrina Eguna eta Aian San Donato Eguna ospatuko baitituzte herritarrek.