Herriz herri festek hartzen dituzte makina bat txoko abuztuan. Aste honetan eta hurrengoan horixe izango da nagusi inguruotan. Baina bestelako ekitaldiak ere prestatu dituzte han eta hemen.
Uda sasoian bete-betean sartuta gauden honetan, herri eta auzoetako jaiak daude nonahi. Festa eta jai giroa, hondartza edo mendikateetako atsedenaldiarekin batzen dira, norbere gustuko zereginekin gozatzeko.Aian, esaterako, gaur arratsaldean hasiko dituzte San Donato eta San Lorentzo jaiak, eta datorren astelehenera arte iraungo dute. Getarian, berriz, asteazkenean hasi zituzten salbatoreak, eta, hauek ere astelehenera arte dira. Gaur, zehazki, Salbatore Deunaren Eguna da, eta, pilota partidak, herriko musika bandaren kontzertua, xake erakustaldia, Poxpolo ta Konpainia pailazoen emanaldia eta Getariako Konpartsaren ikuskizuna daude egitarauan.
Jai hauek ez dira aste honetan eskualdean ospatuko diren bakarrak, Zumaian Euskal Jai Eguna baitute ostirala.
Asteburuan, Zarauzko Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaiek kostaldera erakarriko dituzte bisitariak. Asteazkenera bitartean musika, jan-edana eta kirola uztartuko dira, festa giroan. Zarautzetik Azkoitira salto egin, eta, datorren ostiralean, abuztuaren 14an, lehertuko da andramariei hasiera emango dien suziria. Bost eguneko jaietan izango da zer ikusi herrian. Azkoitian ez ezik, Aizarnan eta Zarautzen ere ospatuko dituzte andramariak edo amabirjin jaiak.
Jaiez gain, bestelako ekintzak ere badituzte prestatuta datozen asteetarako, eta urrutira joan beharrik gabe, gainera. Hona hemen eskualdeak hartuko dituen batzuk.
SANBARTOLOMEAK, OIKIAN
Zumaiako Oikia auzoko jaiak abuztuaren 22tik 28 izango dira. Zazpi eguneko egitaraua Amets eta Maddalen Arzallusek gidaturako bertso poteoarekin hasiko da, 12:00etan. Gero, herri bazkaria egingo dute, eta, eguna amaitzeko Kupela taldearen erromeria. Igandean, arratsaldez, herri kirolek hartuko dute lekukoa. Norgehiagokan parte hartuko dute Aitzol Atutxa eta Hodei Ezpeleta, eta Ugaitz Mugertza eta Oier Kañamares aizkolariek. Azken egunean, ostegunen, sagardotegiko menua duen herri bazkaria prestatuko dute, eta, arratsalde-gau aldean, Fan & Go taldeak erromeria eskainiko du.ZARAUTZEN, FUTBOLA
Realak eta Athleticek Emakumezkoen Euskal Herriko V. Futbol Koparen finala jokatuko dute Zarautzen, abuztuaren 22an, larunbatarekin, Zarauzko Asti futbol zelaian. Eguerdian izango da norgehiagoka, 11:30etik aurrera. Ohorezko sakea Laura Gomez futbolari ohi zarauztarrak egingo du.Lehen finalerdiko partida ekainaren 3an jokatu zuten, Hendaian. Guztira, lau taldek hartu dute parte txapelketan, emakumezkoen futbol talde gorenek: Superligako Athleticek eta Realak, eta bigarren mailako lehen euskal taldeak diren Aurrera Vitoriak eta Oiartzunek.
Euskal Herria Kirola 2009an sortu zuten euskal kirolariek, Euskal Herriko zazpi herrialdeak aintzat hartzen zituen txapelketak sustatzeko eta Euskal Selekzioa nazioartean onartua izateko helburuarekin.
BISITA GIDATUAK, UROLAN
Kostaldetik zertxobait urrunduz, bisita gidatuekin bertako historian sakontzeko aukera egongo da datozen egunetan Azkoitian eta Azpeitian. Iraurgi Berritzen agentziak antolatu ditu, beste behin, bi herrietako historiari eta kulturari errepasoa emateko bisita gidatuak. Lau bisita mota prestatu dituzte Ezagutu Urola Erdiko altxorrak egitasmoan. Azkoitian, esaterako, Zalduntxoen historia errepasatzeko aukera egongo da larunbat honetan eta hilaren 13an eta 23an, Intsausti jauregitik hasita. Peñaflorida kondeaz eta beste zalduntxo ospetsuez jakiteko aukera eskainiko dute bisitek. Azkoitia, Dorretxe eta Jauregi artean izeneko bisita, berriz, hilaren 11n, 20an, 21ean, 26an, 27an eta 29an izango da, Balda plazan hasita. Idiakez eta Balda dorretxeak eta Amabirjinaren Jasokunde parrokia daude egitarauan.Azpeitiari dagokionez, San Ignazio bere sorterrian izenburupean, historian atzera egiteko aukera emango du bisitak, Ignazio Loiolakoak bizitako lekuak ikusiz. Bihar izango da hitzorduetako bat, eta bestela, hilaren 12an, 14an, 18an, 19an, 25ean, 28an eta 30ean ere egingo dituzte, Sebastian Donearen eliza nagusiko ataritik hasita. Azpeitia gune historikoa: gure almentra txikia da Iraurgi Berritzen-ek eskaintzen duen beste aukera. Ibilbidean zehar alde zaharreko ondare historikoa errepasatuko da, eta garbilekura sartzeko aukera eskainiko dute. Gaur bertan eta igandean eta hilaren 16an eta 22an izango dira hitzorduak, plaza nagusitik hasita. Bisita guztiak eguerdiko 12:00etan hasiko dira, eta bi euro kostako dira.
SEGA, AIAN ETA LOIOLAN
Festez gain, kirolak ere izango du bere tartea eskualdean datozen asteetan. Aia eta Azpeitia izango dira horren lekuko. Batetik, Euskadiko Sega Txapelketako finala lehiatuko baitute Aian, abuztuaren 16an. Hilerri azpiko belardian izango da hitzordua, 12:00etan, eta ordubeteko saioa egin beharko dute segalariek.Bestalde, Europako Sega Txapelketa jokatuko da Azpeitian, abuztuaren 28tik 30era. Loiolako Basilikaren belardietan izango da lehiaketa, eta Suitza, Austria, Alemania, Eslovenia eta Hego Tiroleko kirolariak izango dira Azpeitian. Euskal Selekzioaren ordezkaritza ez da faltako hitzorduan. Hamabost kide lehiatuko dira, horien artean Jesus Mari Goenaga errezildarra.