Tokikotik mundura saretzeko bidea da Emakumeen Mundu Martxa

Nerea Uranga 2015eko abuztuaren 6a

Emakumeen karabana urriaren 1ean iritsiko da Zumaiara. Urola Kostako plataformak egitarau oso bat egiteko bilkurara deitu du irailaren 3rako Zumaian.Emakumeen Mundu Martxara batzeko lanean hasita daude Urola Kostan. Urriaren 1ean iritsiko da eskualdera...

Emakumeen karabana urriaren 1ean iritsiko da Zumaiara. Urola Kostako plataformak egitarau oso bat egiteko bilkurara deitu du irailaren 3rako Zumaian.

Emakumeen Mundu Martxara batzeko lanean hasita daude Urola Kostan. Urriaren 1ean iritsiko da eskualdera karabana, hain zuzen ere Zumaiara. Eskualdeko plataforma sortu berri dute hainbat emakumek eta feministek, eta irailaren 3rako bilkurara deitu dute Zumaiako Gaztetxean.

Emakumeen Mundu Martxa martxoaren 8an hasi zen Kurdistanen, eta irailaren 27tik urriaren 4ra bitartean Euskal Herritik igaroko da, Portugalera bidean. Urola Kostatik ere pasatuko da, urriaren 1ean eguerdian iritsiko da Zumaiara. Eskualdean karabanarekin topagunea Zumaian izango dute, eta Urola Kostako beste herrietatik hara joateko hainbat ekintza antolatuko dituzte ordurako. Baina, horrekin lotuta, Urola Kostan herriz herri egitarau oso bat ere antolatu nahi dute.

Alternatibak proposatuz

Emakumeen Mundu Martxaren helburua da munduan zehar emakumeek pairatzen dituzten diskriminazio desberdinak salatu eta hauen aurrean alternatibak proposatzea. Hala azaldu du Edurne Epelde Pagolak: «Batez ere larrienak diren gaietan dihardu: indarkeria sexista, prekarietatea nahiz pobrezia... Beti landu izan ditu bi gai horiek». Mundu mailako mobilizazio bat da, baina herri bakoitzean izaera desberdin bat hartzen du.

Aurten, Mundu Martxak elikadura subirautza du ardatz: «Sinbologia osoa elikadura subirautza eta hazien inguruan dihoa. Azkenean, elikadura subirautza alternatiba bezala ikusten delako. Errealitateari aurre egin eta munduko emakume denon egoerari buelta emateko benetako alternatiba moduan planteatzen da. Horregatik, mundu martxa hazien elkartruke batekin irudikatu da», dio Epelde Pagolak. Euskal Herriko hainbat herritan ere horrekin lotutako ekintzak egin dituzte: esaterako, landaketak eta hazia jaso eta beste herrialde batzuetara eraman.

Hitzordua, irailaren 3an

Euskal Herrian eta Urola Kosta eskualdean bertako errealitatea ikustaraztea dute egitekoa. Horretarako, Euskal Herriko Mundu Martxako plataforma prestatzen hasi da karabanara batzeko: ekainean bilera zabala egin zuten 65 lagun bilduz. Eta, Urola Kostan plataforma sortu berri dute. Lehen bilera ekainaren bukaeran Zarautzen egin zuten, eta bertan hainbat herritako emakumeak eta feministak bildu ziren.

Hala ere, eskualdeko plataforma jende gehiagorengana zabaldu nahi dute. Horretarako, Urola Kostako herri guztietako emakumeak eta feministak irailaren 3an, 19:00etan, Zumaiako Gaztetxera animatu dituzte. «Ahalik eta herri, eragile, kolektibo eta norbanako gehienengana iritsi nahi dugu eskualdeko egitarau bateratu bat sortzeko. Hori izango da irailaren 3ko bilerako lehenengo egitekoa. Eskualdeko herri bakoitzean ekintza edo ekitaldiren bat egiteko». Zarauz- tarrak, zumaiarrak, getariarrak, azpeitiarrak eta azkoitiarrak elkartu ziren aurreko bileran; baina irailekoan aiarrak, aizarnazabaldarrak, zestoarrak, oriotarrak, errezildarrak eta beizama- rrak biltzea ere nahi dute.

Egunero lanean

Epelde Pagolaren esanetan, Emakumeen Mundu Martxa aukera on bat da adin desberdinetako emakumeak batzeko: «Emakumeak konektatzen gaitu hemen Euskal Herrian, hemen herrian eta hemen auzoan eta gu munduan. Orduan, saretze polit bat irudikatzeko oso-oso aukera polita da emakumeontzat».

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako plataformak ia 15 urte daramazki martxan, eta gero eta anitzagoa da. «Denetik dago, eta gero eta saltsa politagoa dago Euskal Herri mailan ere, eta lan polita egiten ari da. Erasoak daudenean, erailketak daudenean salatuz... Iraunkortasun bat dauka. Eta egunero-egunero ari da lanean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide