Euskal Selekzioak Europako Sega Txapelketan hartuko du parte Loiolako zelaietan

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko abuztuaren 5a

Abuztuaren 28tik 30era egingo dute txapelketa. Alemania, Suitza, Austria, Eslovenia eta Hego Tirol izango dituzte aurkari euskaldunek. Bailararentzat aukera ekonomiko gisa ikusi dute.Almitza sega elkarteak aurkeztu du Europako Sega Txapelketan parte ha...

Abuztuaren 28tik 30era egingo dute txapelketa. Alemania, Suitza, Austria, Eslovenia eta Hego Tirol izango dituzte aurkari euskaldunek. Bailararentzat aukera ekonomiko gisa ikusi dute.

Almitza sega elkarteak aurkeztu du Europako Sega Txapelketan parte hartuko duen Euskal Selekzioa. Abuztuaren 28tik 30era jokatuko da txapelketa, Loiolako belardietan, Azpeitian. Alemania, Austria, Suitza, Eslovenia eta Hego Tirolen aurka lehiatuko dira Euskal Selekzioko kideak. Hamabost kirolari aurkeztu dituzte, eta haietatik bat da eskualdekoa; Jesus Mari Goenaga errezildarra, hain zuzen.

Almitzako Garikoitz Lobregatek esan du sega txapelketa ez dela «kirol ekitaldi soil bat» izango, kulturen arteko topagunea baizik. Tokiko garapen ekonomikoari ere mesede egingo diola uste dute. Estitxu Elduaien Azpeitiko Kirol batzordeburuak ere esan du Urola bailararentzat «aukera ekonomikoa» izango dela txapelketa, eta herriko merkatarien eta eragileen oniritzia jaso dutela: «Azpeitia eta Urola bailara Europan bistaratzeko modua da».

Herri kirol alorrean, «urteko ekitaldi mediatikoena» izango dela nabarmendu du Lobregatek. Esate baterako, ETB kateak eskainiko du txapelketa telebistaz, eta gainontzeko herrialdeetako telebistak ere Azpeitian izango dira, eta streamming bidez (Internetez, zuzenean) ere eskainiko dituzte kirol probak.

1969an egin zuten lehen Europako Sega Txapelketa, Hego Tirolen. 1996an hasi zen, ordea, Euskal Selekzioa lehia horretan parte hartzen. Ordura arte ez zuen ordezkaritzarik izan lehia horretan Euskal Herriak. 2003an jokatu zen txapelketa Euskal Herrian lehen aldiz, Seguran (Gipuzkoa). Aurten Azpeitian izango da, Loiolan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide