Uztailaren 31n hilda topatu zuten emakumea, bere etxean. Emakumearen semea atxilotuta dago, ama hiltzea egotzita. Azpeitiko Udalak erailketa salatu du.
Madrilen (Espainia) bizi zen azpeitiar bat hil du ustez haren semeak, kolpeka. M.M.J.U. 72 urteko emakume azpeitiarra uztailaren 31 goizean hilda aurkitu zuen Espainiako Polizia Nazionalak, Madrilen, bere etxean.Ostiral goizean, 08:45ak aldera, hildakoaren semeak Poliziari deitu zion, ustez egindakoaren berri emateko. Dei horren ondoren, larrialdi zerbitzuetakoak eta poliziak emakumearen etxera joan ziren, baina larrialdietakoek ezin izan zuten ezer egin emakumearen bizia salbatzeko. Gorpua ohe gainean aurkitu zuten etzanda eta kolpatuta, antza erreminta sendo batekin.
Segidan, hildakoaren F.L.U.J. 46 urteko semea atxilotu egin zuen poliziak, ama hiltzea egotzita. Gertaerak argitzeko ikerketa zabaldu du Poliziak. Gaur izango dira emakumearen aldeko hileta elizkizunak, Azpeitian.
Udalaren erantzuna
Azpeitiako Udalak «sendo» salatu du erailketa, eta ohar bat kaleratu zuen atzo bertan. Honakoa adierazi du: «Udalak Madrilen hildako azpeitiarraren senitartekoei babesa adierazi nahi die; une zail hauetan dolumin zintzoenak etxekoei. Gainera, beste behin, emakumea izan da biktima, eta horrek bereziki arduratzen gaitu: emakumeenganako indarkeria guztiak onartezinak dira eta sendo salatzen ditugu, bai Madrilgoa, bai beste guztiak».
Udalaren oharrak zera gaineratzen du: «Tragedia handia da gertatutakoa eta kasua aztertzen ari direnei jazotakoa lehenbailehen argitzeko eskatzen die Azpeitiko Udalak. Bitartean, esan bezala, gure babesa eskaintzen diegu senideei eta gertukoei».