Herriz herri elkartasuna piztuz

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko uztailaren 31

Aurten, Sahararen alde su bolak botako dituzte Zarautzez gain, Aian, Alegin, Getarian, Larrabetzun, Kuartangon eta Tolosan ere. 'Desio bat dut' sortu dute propio ekitaldirako«Desio bat dut, airean doa, sutan bilduta, zuretzat. Piztuta utzi, hegan egit...

Aurten, Sahararen alde su bolak botako dituzte Zarautzez gain, Aian, Alegin, Getarian, Larrabetzun, Kuartangon eta Tolosan ere. 'Desio bat dut' sortu dute propio ekitaldirako

«Desio bat dut, airean doa, sutan bilduta, zuretzat. Piztuta utzi, hegan egiten, basamortua argi dezan». Aurten desio gehiago aireratuko dituzte abuztuan, Sahararen alde. Duela hiru urte Zarautzen abiatutako Desioak Sutan Sahararentzat egitasmoa beste sei herritara zabaldu dutelako. Aurten Aiak, Alegik, Getariak, Larrabetzuk, Kuartangok eta Tolosak ere hartuko dute parte elkartasun ekitaldian, bakoitzak egun jakin batean.

Getariarrak izango dira lehenak su bolak botatzen, igande honetan. Gustura dago Nika Lertxundi Getariako alkatea aurten udalerri horretan ere egingo dutelako ekitaldia: «Beti inbidiaz ikusi ditugu auzotik zarauztarrak, su bolak sahararren alde botatzen». 400 su bola botako dituzte guztira Malkorbe hondartzatik, 22:00etatik aurrera. «Independentzia lortu artean, balio dezala haien bizi baldintzak hobetzeko, bizi duten egoera tamalgarria delako eta lurralde gabeko herri bat direlako», azaldu du Getariako alkateak.

Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak ere esan du «ilusioz beteta» dagoela ekintza hori lehenbiziko aldiz herri horretan egingo dutelako. Abuztuaren 9an aireratuko dituzte Aiako erdigunean sahararren aldeko su bolak, guztira 300 su bola, Arrizabalagak jakinarazi duenez.

Zarautzen, berriz, 4.000 suzko desio botako dituzte zerura abuztuaren 16an. Ordea, arratsaldean hasiko da Desioak Sutan Sahararentzat elkartasun festa. 16:00etatik aurrera, musika eta tea eskainiko dituzte Sortaldea kanpoaldean jarriko duten haiman. Ondoren, pailazoak izango dira, eta 20:00etatik 21:30era Aziza Brahim sahararrak kontzertua eskainiko du leku berean.

Desio bat dut abestia

22:00etatik aurrera hasiko dira zarauztarrak su bolak eta desioak zeruratzen. Ordu horretan jarriko dute Eñaut Elorrietak eta Brahimek ekitaldirako propio egin duten abestia ere: Desio bat dut.

Elorrietak adierazi du abesti hori egiteak Saharako errealitatera gerturatzeko balio izan diola, eta Brahimekin esperientzia hori partekatzeak sahararren kultura eta hizkuntzarekin lotura berriak egitea, besteak beste.

Gari Berasaluze zarauztarrak egin du abestiaren letra, eta Juanfe Garcesek grabatu du bideoklipa, Oporrak Bakean programaren barruan Euskal Herrira uda pasatzera etorri diren haur sahararrekin eta bi abeslariekin. Sarean dago ikusgai.

Aurrez, abuztuaren 6an, 16:00etatik 19:00etara Sortaldea atarian Sahara, Zarautz: elkartasun arratsaldea ospatuko dute. Haur sahararrei elkartasuna adierazteko, eskulanak eta musika eta tea eskainiko dituzte.

Egun horretan bertan egingo dute ekitaldia Kuartangon eta Larrabetzun ere, eta abuztuaren 21ean Tolosaldean. Haiek ere «gustura» agertu dira euren herrietan ere halako elkartasun festa egingo dutelako.

Herri baten sufrimendua

Euskal Fondoko presidente Imanol Landak gogoratu du Marokok duela 40 urte Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik, milaka saharar erbestean bizi direla, Algerian. «Hori arazo politikoa da, eta irtenbide bat eman behar zaio euren herrira itzul daitezen». Mendebaldeko Saharak okupatuta jarraitzen duen bitartean, desio bakarra aireratuko dutela nabarmendu du: Sahararen askatasuna.

Saharautzeko lehendakari Xabier Euzkitzek adierazi du ekitaldi horrek «Saharako errealitate beldurgarria ezagutzera emateko balio» duela, eta «hainbeste su bola eta desio hegan batera ikustea hunkigarria» dela: «Hori sahararren eskubideen aldarrikapenari eskaintzea zoragarria iruditzen zaigu».

Jesus Arana Zarauzko alkateordeak esan du su bola bakoitza aireratzean gogoratzeko herri baten sufrimendua dagoela atzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide