Azkoitiko Udalak eta Santa Klara auzoko bizilagunek adostu dute auzoa eta Ugarte-Igarango igerilekua lotuko dituen bidegorria jartzeak eragingo dituen zirkulazio aldaketak. Jakinarazi dutenez, txirrinduei tokia egiteko derrigorrezkoa da hainbat kale norabide bakarreko bihurtzea, estuegiak dira-eta.
Adostutako proposamenaren arabera, Klara Donea auzoko ondorengo kaleak norabide bakarrekoak bihurtuko dira: 14 eta 28 zenbakien arteko tartea eta 39etik 55era artekoa; Ubaiar auzunean 1 eta 12 zenbakien arteko bide tartea; Ubaiar auzunean 13-22 eta 23-36 etxebizitzen pareko bide tartea; eta Santa Klara 55 eta Ubaier auzunea 13 lotzen dituen tartea.
Auzoko gainerako kale eta kale tarteak norabide bikoitzekoak izaten jarraituko dute, orain bezala.
Azken asteetan auzokideekin burututako bi bileren ondorioa da erabakia. Aurrenekoa bidegorriari buruzko xehetasunak emateko eta horrek eragingo lituzkeen zirkulazio aldaketak azaltzeko egin zen, eta horrekin batera bizilagunen iritzi eta proposamenak jaso zituzten. Bigarren bileran, hiru proposamen aurkeztu zizkien udalak Santa Klara auzokoei, horien artean egokiena aukeratzeko.