Erregulartasunaren maillot berdea jantzi zuen asteazkenean azkoitiarrak. Etapa «gogorra» dute gaur, eta bihar bukatuko da Itzulia, erlojuaren aurkako probarekin.
Afizionatuen Leongo Itzuliko bigarren lasterketa irabazi zuen Mikel Elorza (Ampo) txirrindulari azkoitiarrak asteazkenean. Etapa bat irabazteko asmoarekin abiatu zen etxetik Elorza, eta dagoeneko lortu du hasiera-hasierako helburua. Atzo esan zion UROLA KOSTAKO HITZAri sailkapen nagusiari begira jarri zela, baina atzoko lasterketa oso gogorra izan zen berarentzat eta beste askorentzat. Denbora galdu zuen hark, eta zaila izango da jada podium nagusia zapaltzea.Asteazkenean 18 pertsona gelditu ziren sailkapen nagusian enbora berarekin, eta orduan jarri zen azkoitiarra gora begira, ondo sentitzen zela-eta. Garaipenak «indarra» eman zion txirrindulariari aurrera egiteko. Etapa irabazteaz gain, erregulartasunaren maillot berdea jantzi zuen Ampo taldekoak asteazkeneko etaparen ostean.
Bitxikeria bat ere izan zuen asteazkeneko probak. Izan ere, txirrindulari guztiak alderantziz sartu ziren helmugara. «Herriak bi sarrera zituen, eta Guardia Zibilak okerrekoa hartu zuen. Gu haien atzetik joan ginen, eta guztiok alderantziz sartu ginen helmugara», azaldu du txirrindulariak. Hori dela-eta, epaileek ez zuten berehala eman azkoitiarraren garaipenaren berri, minutu batzuk behar izan zituzten sailkapena berresteko. Zera erabaki zuten, egun horretako sailkapena bere horretan uztea, baina orokorrerako puntuagarria ez izatea. Beraz, laugarren postuan gelditu zen sailkapen nagusian Elorza, nahiz eta lehena zegokion, okerrik izan ez balitz.
Atzoko lasterketa gogorra izan zen, eta gaurkoa ere hala izango da, aldapatsua. Bihar bukatuko da lehia Leonen (Gaztela-Leon, Espainia), erlojuaren aurkakoarekin.
Esker onekoa
Eskerrak eman dizkie Mikel Elorzak bere lagunei, familiari eta Ampo taldeari, «garaipena iritsi bitartean emandako babesgatik». Haiekin gogoratu zen azkoitiarra helmugako marra igarotakoan.
Itzuliko lehen etapa Fran Zuritak irabazi zuen (Infisport-Alavanet), Mikel Elorzak (Ampo) bigarrena; eta, atzokoa, Cristian Rodriguezek (Caja Rural-RGA).