Emakumezkoetan Zumaiakoentzat izan da Euskadiko Traineru Txapelketako bandera, eta Orio bi segundora gelditu da. Gizonezkoetan oriotarrek hirugarren postua eskuratu dute.
Joko eremuak baldintzatu zuen jokoa bera herenegun Euskadiko Traineru Txapelketan. Lekeition 18:30ak iritsi zirenean itsaso nahasia aurkitu zuten emakumezkoek, eta hala jarraitu zuen giroak, gizonezkoak ureratu zirenean ere. Itsaso txarra gorabehera, banderak faboritoen eskuetan gelditu ziren beste behin. Emakumezkoetan Zumaiak lortu zuen garaipena, eta gizonezkoetan Urdaibaik (iazko txapelduna). Bi kasuetan, gertutik ibili ziren beste talde batzuk ere: Orio emakumezkoetan, eta Hondarribia eta Orio gizonezkoetan.Nagore Osorok aurreko astean ere esan zuen Zumaia Salegi trainerua estropadaz estropada joango zela, lehiakortasun handia sumatzen dutelako beste taldeetan. Eta ez zuten hutsik egin Lekeition. Baina Orio gertu izan zuen; bi segundora sailkatu ziren Oriokoak. Osoro zumaiarren patroiak aitortu du oriotarrek egindako lana: «Kristoren gerra eman ziguten oriotarrek, eta argi dago inork ez duela utziko erraz irabazten estropada bat».
Itsaso txarrak azken emaitzan eragina izan zuela esan du patroiak. «Edonork irabaz zezakeen. Guri ondo atera zitzaigun lana, gure kalea ere ez zen hain txarra». Hala ere, ez zuten espero Hibaika eta San Juan atzean hain azkar geldituko zirenik. Izan ere, Hibaika 27 segundora sailkatu zen, eta San Juan, berriz, ia minutu batera.
Zumaian hiru estropada
Gizonezkoetan Oriok eskura izan zuen bigarren postua, baina azken unean Hondarribiak aurre hartu zion. Dena den, lehia estua izan zen, lau segundoren barruan sailkatu baitziren bi horiek eta Urdaibai txapelduna. Itsaso mugituagatik estropada ikusgarria osatu zuten, jarraitzaileen gozamenerako.
Baina, Euskadiko Txapelketa atzean utzita, asteburuko estropadei begira jarriak dira dagoeneko klubak. Emakumezkoetan, esaterako, Zumaia biharko lehiari begira dago. «Denak ari dira esaten Nojan kaleen artean desberdintasun handiak egongo direla, baina hara joan arte ez dugu jakingo ezer», azaldu du Osoro patroiak. Argi dutena da, ordea, San Juan indartsu aterako dela lehiara. «Ligan berdinduta goaz bi taldeok, eta irabaztera aterako dira haiek ere», dio. Horregatik, «kontu handiz» aritu nahi dute Zumaiakoek.
Bestetik, Zumaian jokatuko dira lehietako hiru: KAE 1, KAE 2 eta Emakumezkoen Gipuzkoako Ligako bana. Larunbatean izango dira estropadak, Zumaiako Arraun Elkarteak antolatuta.