«Herritik eta herriarentzat» eginiko jaiak antolatu ditu Azpeitiko festa batzordeak, kalean egindako bileretan erabakiak hartuta. Batzordearen baloreak dira santioen eta saninazioen ardatz.
Hilabete luzez lan egin dute Marea Arroxako kideek Santio eta San Inazio jaiak prestatzen, eta dagoeneko festen atarian dira azpeitiarrak. Jaiak «herritik eta herriarentzat» antolatutu asmoz egin du lan Haujijijai festa batzordeak, eta «auzolana, euskara, parekidetasuna eta ingurumena» izan dituzte ardatz; beti ere, «herritik urrun daudenak gogoan» izanda.Astero-astero bildu da festa batzordea udaletxe azpiko arkupeetan, eta beraien helburua izan da «adin guztietako herritarrek» festetan parte hartzeko aukera izatea.
Festa batzordeko kideek ez dute albo batera utzi aldarrikapena; eta, besteak beste, nabarmendu dute herriko tabernen auzia. «Festetatik hasita, zapalkuntza gabeko Euskal Herri librea eraiki behar da», adierazi dute.
Baloreak bistan
Banan-banan azaldu dituzte Marea Arroxako kideek batzordeko baloreak errespetatzeko eginiko lana. Euskarari dagokionez, adibidez, azaldu dute «gauzarik txikienak» ere saiatu direla zaintzen. Hori dela-eta, fakturazioa euskaraz egin dute, taldeak aukeratzerakoan hizkuntza kontuan izan dute eta tabernariei eskatu diete euskarazko abestiak jartzeko, besteak beste. «Festa hauek euskaraz ez badira, ezin dira ulertu», nabarmendu dute.
Jai parekide eta feministak lortzeko helburuarekin, berriz, emakume oro eroso sentitu dadin neurriak hartuko dituztela aurreratu dute Azpeitiko festa batzordeko kideek. «Kaleko txoko guztietan dantzan, irribarrez, saltsan ibiliko gara», azpimarratu dute. Beste urteetan bezala, abuztuaren 1erako egitasmo bat antolatu dute emakumeen askatasuna xede, Emakumeok plazara! lelopean: «Plaza hartuko dugu hainbat emakume elkartu eta elkarrekin konektatu eta indartzeko».
Ingurumena zaintzeko saiakerari dagokionez,azkenik, janariaz arduratzen den lantaldeak esan du material berrerabilgarria erabiliko dutela beste urteetan bezala.
Janariari begira,Azpeitiko bertako eta inguruko merkatarien produktuak erabiltzen dituztela azaldu dute: «Hemengo produktuekin egingo direlako hemengo festak».