Permachek ezin izango du aurkeztu hauteskundeetara datozen 22 hilabeteetan

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 24a

Urtebete eta hamar hilabeteko inhabilitazio politikoa ezarri dio Auzitegi Gorenak, 35/02 sumarioaren barruan. «Beste behin, funtsezko eskubideak urratu dituzte», salatu du zarauztarrak.Kartzelaz gain, inhabilitazio zigorra zehaztu diete 35/02 sumario...

Urtebete eta hamar hilabeteko inhabilitazio politikoa ezarri dio Auzitegi Gorenak, 35/02 sumarioaren barruan. «Beste behin, funtsezko eskubideak urratu dituzte», salatu du zarauztarrak.

Kartzelaz gain, inhabilitazio zigorra zehaztu diete 35/02 sumarioan zigortuei, tartean, Joseba Permach zarauztarrari, eta Auzitegi Gorenak ebatsi du haiek ezingo dutela bozetara aurkeztu, kargu publiko gisa hautatuak izateko. Autoaren arabera, zigorrak «izaera politikokoak» dira, eta zigortuek ezin izango dute herritarrek aukeratutako postuetara aurkeztu, «maila lokalean, autonomikoan, estatu mailan eta nazioz gaindi».

Permachez gain, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez, Karmelo Landa, Jon Gorrotxategi, Floren Aoiz eta Antton Morcillo ere zigortu dituzte. Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra dute Permachek, Etxeberriak, Aldasorok, Alvarezek eta Landak. Gainontzekoek urte eta erdiko zigorra dute.

AVTk eta Dignidad y Justicia taldeek eskatu zieten Gorenari inhabilitazioaren inguruko zigorra zehazteko, eta asteazkenean egin zuen publiko berria auzitegiak.

«Politika egitea delitu»

Joseba Permachek salatu du «politika egite hutsagatik» debekatu diotela berriro politika egiteko aukera. «Bilerak, prentsaurrekoak eta halakoak egiteagatik gaude zigortuta», nabarmendu du. Gorenaren ebazpena irten zenean adierazitakoa berretsi du zarautzarrak: «Oso larria da Espainiako Estatuaren jarrera, orain artean».

«Auzitegi Gorena funtsezko eskubideekin jolasten ari da», salatu du Permachek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide