Euskal kostaldea zeharkatuko du aurten Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxak. Abuztuaren 1etik 8ra izango da, eta eskualdetik igaroko da bi etapatan
Algortatik Zibururako mendi martxa egingo dute abuztuaren 1etik 8ra, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde. Euskal Selekzioa Martxan, kosta ala kosta ofizialtasuna! lelopean, euskal kostaldea zeharkatuko dute aurten, eta Urola Kostako itsasertzetik igaroko da bi egunetan.Zortzi egun eta zortzi etapa. Horixe iraungo du mendi martxak: abuztuaren 1ean, Algorta-Plentzia, 17 kilometro; abuztuaren 2an, Plentzia-Bermeo, 31 kilometro; abuztuaren 3an, Bermeo-Ea, 24 kilometro; abuztuaren 4an, Ea-Mutriku, 29 kilometro; abuztuaren 5ean, Mutriku-Zarautz, 29 kilometro; abuztuaren 6an, Zarautz-Donostia, 25 kilometro; abuztuaren 7an, Donostia-Hondarribia, 24 kilometro; eta abuztuaren 8an, Hondarribi-Ziburu, 15 kilometro. Irteera guztiak goizeko 08:00etan hasi eta 17:00ak aldera amaituko dira gutxi gorabehera.
Izena eman nahi dutenek bi pauso jarraitu beharko dituzte. Alde batetik, Laboral Kutxako zenbakian (ES31-3035 0029 61 0290095456) diru sarrera egin, aukeratutako zeharkaldi motaren araberako zenbatekoa (ikus mendimartxa.eus); bestetik, 658-74 07 72 telefono zenbakira deitu izena emateko edo mezu bat bidali izena@mendimartxa.eus helbidera. Horrez gain, autobusa non hartzeko asmoa dagoen ere azaldu beharko da.
2000. urtean antolatu zuten estreinakoz egitasmoa, ESAITen babesean, eta harrezkero, urtero-urtero jarraitu dute egiten. Aurten, ordea, ez da ESAITen gidaritzan izango, udaberrian desagertu zelako elkartea. Dena dela, ESAITek eta Mendi Martxak hasieratik zehaztutako helburuek aurrera jarraitzen dute: «Kirol arlo desberdinetan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu, eta nazioarteko txapelketa ofizialetan eskubide osoz parte hartzeko eskubidea defendatzea».