Larunbatean, Baserritarren Egunean sagardo eta ardi gazta txapelketak jokatuko dira. Santio Egunez da Errekortari Txapelketa, zirkuituko errekortari onenekin. Igandean, berriz, Haurren Euskal Festa da
Saninazioak uztailaren 30ean hasiko dira Azpeitian, txupinazoarekin batera. Baina, aurretik, hainbat festa egun ospatuko dituzte azpeitiarrek.Azpeitiko Sagardo Txapelketa Gipuzkoako zaharrenetakoa da. Aurten 43. aldiz jokatuko da, larunbat honetan. Azken urteetan ohi bezala, 23 sagardogilek hartuko dute parte herriko plazako lehian. Goikabi, Landeta eta Loiolatxo elkartekoak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartekoak dira antolatzaileak, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.
Lehiaketako txapela eta herritarrek emandako saria banatuko dituzte.
Hiru mila sagardo botila inguru egongo dira herritarren eskura. 3 eurotan edalontzia erosi, eta nahi adina sagardo edateko aukera izango da.
Baina, Santio Egunez, sagardo txapelketaz gainera beste hainbat ekitaldi ere izango da Baserritarren Egunaren barruan: adibidez, Ardi Gazta Txapelketa jokatuko dute herriko plazan. Kasu honetan, 27 izango dira parte-hartzaileak.
Edanari laguntzeko gaztaz gainera, txekor eta hegaluze errearen pintxoak ere salduko dituzte plazan. Aurten, 1,5 euro izan beharrean 2 euro kostako da pintxoa. Mikel Ibarzabal udaleko Festa batzordeburuak hala azaldu du: «Pintxoekin lortuko den dirua Nepalgo haurrei laguntzeko da, Azpeitiak eta Nepalek mendizaletasunarekin duten lotura kontuan hartuta». Arratsaldean, berriz, 18:30etik aurrera, Errekortari Txapelketa jokatuko da zezen plazan. Zirkuituko hamabi errekortari onenak izango dira bertan.