Ezkerretik hasita, Iban San Martin, Javier Lizaso eta Iñigo Diaz de Cerio, itsas zeharkaldiaren aurkezpenean, gaur. Amaia Ventas
Aurten ere 1.800 igerilarik hartuko dute parte Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian, igandean. Javier Lizaso Zarautz Balea igeriketa kirol taldeako ordezkariak nabarmendu aurten marka haustea lortu dutela izen emateari dagokionez: 24 orduan ordubetean bete baitira plaza guztiak. "Duela hiru urte-edo inguru hilabete behar izaten zen parte-hartzaile mugara heltzeko. Maiatzaren 1ean ireki genuen izena emateko aukera eta egun bakarra behar izan zen 1.800 lagunek izena emateko". Itxaron zerrenda ireki zuten ondoren, egon daitezken bajak-eta betetzeko, eta bi orduan 200 lagun inskribatu zirela jakinarazi du antolatzaile taldeko kideak.
Igerilari horiek guztiak Getariako portuko Ama Birjinetik aldi berean ateratzea "ezinezkoa" denez, ohi bezala, bost taldetan banatuta aterako dira, 12:00etatik hasita eta bost minutuko tartearekin. Lehenbizi txano belzdunak irtengo dira, aurrez proba 45 minutuan baino gutxiagoan egin dutenak, alegia. Ondoren txano berdea daramatenak ekingo diote probari, Getaria eta Zarautz arteko 2.850 metroak egiteko 52 minututik behera behar dutenak, eta gero zurizkoak, ibilbidea ordubetean baino gutxiagoan egin izan dutenek. Gero, txano horidunak irtengo dira Ama Birjinetik, bidea igerian ordubete eta 75 minutu artean egin dutenak eta azkenik, urdinez, eta azkenik, proba hori inoiz egin ez dutenak irtengo dira, urdinez.
Parte-hartzaile gehienak, %60a gutxi gorabehera gipuzkoarrak dira, eta gaoinontzekoak Bizkaiatik, Araba, Nafarroatik, Madriletik zein Kataluniatik etorriko dira. Britainia Handiko gutxi batzuk ere izango dira lehian igandean, eta Lizasok nabarmendu du poloniar batek ere parte hartzuko duela. Igerilarien %25 emakumezkoak direla esan du horrek. «Halako proba baterako ehuneko handia da".
"Inguruko igerilari onenak" lehiatuko dira 45. Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldian, Balea taldeko ordezkariaren arabera. Horien artean, Luis Goñi hernaniarra, Jaime Caballero donostiarra eta Pablo Etxeberria azpeitiarra aipatu ditu. Emakumezkoen kasuan, aurten ere Irati Mendia donostiarrak hitzordua ez duela galduko adierazi du. Mendiak aken urtetan lehenbiziko postuan sailkatu da, eta "beti 5-6 gizonezko onenekin" batera ateratzen da uretatik. Hala ere, horrek Minerva Puyol kataluniarra izango du arerio gogorra. Horrek 2012an munduko master txapelketan laugarren postua lortu zuen eta distantzia luzeko probetan aritzen da.
"Benetako" babeslea
Berrikuntzen artean, aurten probak "benetako" babeslea duela jakinarazi dute: Ie Team enpresa, zehazki. Bertako ordezkariak, Iñigo Diaz de Ceriok esan du enpresaren lerro estrategikoetako bat kirola dela, eta horregatik, "halako" proba bat babestea "ohorea" dela. "Espero dugu hurrengo urteetan ere zuekin egotea. Hau lehenbiziko urratsa da". Diaz de Ceriok goraipatu egin du antolakuntzak 45 urtean egindako esfortzua, eta nabarmendu du laguntzeko asmoa duela probaren hazkunde horretan.
Dortsal itsaskorrak
Aurten, berrikuntza gisa, dortsal itsaskorrak banatuko dituzte, bi besotan itsasteko. Igerilariek ostiralean zein larunbatean jaso ahalko dituzte dortsalak zein txanoak, Zarauzko udal kiroldegian, 10:30-13:00 eta 17:00-20:30 bitartean. Zarauztik Getariara joateko hainbat autobus jarriko ditu igeriketa taldeak iganderako. Horiek 09:30etik 11:00etara joan eta etorri ibiliko dira, etengabe. Lizasok gomendatu du azken unera arte ez itxaroteko eta aurrez bidaiatezko Getariara, azken unean autobusak "goraino betetzen" direlako.
Getarian bertan parte-hartzaileen arropak eta poltsak gordetzeko lekua atonduko dute, eta horiek autobusean itzuliko dituzte Zarautzera, Munoa plazara.
Helduen itsas zeharkaldia jokatu aurretik, gaztetxoena jokatuko dute. 10:030etan hasiko dute infantilek proba. Horiek 800 metro egingo dituzte igerian Munoa parean.
Iban San Martin Kirol zinegotziak herritarrak animatu ditu proba ikustera: "Urtero milaka igerilari erakartzen ditu proba honek, ikuskizun ederra eskainiz. Horregatik, herritarrak animatzen ditut Getariara zein Munoara gerturatzera, itsas zeharkaldia bertatik bertara jarraitzeko".