Hilaren 27an aurkeztuko dute Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Eskualdeko enpresen arteko lankidetza eta elkarlana sustatzea da helburua
Eskualdeko enpresa gehienak txikiak dira, eta Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresa Zerbitzuak badaki mota horretako enpresek arazoak izaten dituztela beren produktuak nazioartekotzeko. Hori dela-eta, proiektu bat landu dute Urola Kostako industria sektoreko enpresen arteko lankidetza eta elkarlana sustatzeko, eta udal elkarteak hori aurkezteko jardunaldi bat antolatu du uztailaren 27an, 09:30ean. Horretaz gain, Getgoierri Basque Country proiektua ere aztertuko dute, Goierrin landu duten lankidetza eredua ezagutzea interesgarria izan daitekeela uste baitute arduradunek. Goierriko egitasmoa duela 10 urte sortu zuten. Enpresa txikiak elkarlanean hasi ziren, eta enpresa handien aurrean talde gisa aurkezten dira ordutik eta mundu osoan zehar bidaia komertzialak egiten dituzte beren produktuak aurkezteko. Industria sektoreko azoka garrantzitsuenetan Get Goierri postua jartzea lortu dute.Urola Kostako industria arloko enpresen lankidetza eta elkarlana sustatzeko proiektua ezagutzeko deitu egin daiteke 943-890808 telefono zenbakira, enpresa@urolakosta.org helbidera idatzi, edo Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresen Zerbitzuan bertan eman dezakete bileran parte hartzeko izena.