Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak Atez Atekoaren Kontrako Plataformako kideak hartu zituen pasa den ostiralean. Zero Zabor taldeak ere eskatu du bilera alkatearekin.
Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak ostiralean hartu zituen Atez Atekoaren Kontrako Plataformako kideak udaletxean, horiek hala eskatuta. Plataformakoen helburua zera zen: plataformak 2012an hondakinak atez ate biltzearen aurka jasotako 3.547 sinadurak berresten dituen notario-akta entregatzea, eta, bide batez, «lehenbailehen» edukiontzien sistema ezartzeko eskatzea, EH Bilduk aurreko agintaldian jarritako sistema mistoa kenduz. 2012ko sinadurez gain, urtarrilean egindako herri galdeketan jasotako 1.774 ezezko botoak ere gogorarazi zizkioten alkateari. EAJk egun indarrean dagoen sistema mistoa kentzeko nahia aurreratu zuen bere hauteskunde programan «edukiontzien aldeko apustua» eginez. %70eko birziklapen tasa mantentzen jarraitzeko asmoa duela nabarmendu zuen EAJk.Zero Zaborrekoekin bilera
Azkoitiko Zero Zabor taldeak ere eskatu du bilera alkatearekin. Eskakizuna alkatetza sailean egin zuten, baina asteartean bilera informal bat egin zuten Miguel Angel Bastida Hirigintza eta Ingurumen zinegotziarekin. Zero Zaborren eskakizuna da, ahalik eta birziklapen tasa altuenak lortzea herrian.
Zero Zabor taldeak azaldu du «bidelagun» izan nahi dutela udal gobernu berriarekin «konpartitzen» dituen «helburuak eta printzipioak oinarri hartuta», zero zabor lortzeko bidean.