Udal gobernuak sei liberazio eta erdi izango ditu, eta oposizioak hiru

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko uztailaren 21a

EAJk eta PSE-EEk osatuko dute udal gobernu berria, eta horiek hartuko dituzte euren gain ardura guztiak. Aurrerantzean ostegunetan egingo dituzte osoko bilkurak.Hasi berri den agintaldian aurrekoan baino liberazio gehiago izango dira. Bederatzi liberaz...

EAJk eta PSE-EEk osatuko dute udal gobernu berria, eta horiek hartuko dituzte euren gain ardura guztiak. Aurrerantzean ostegunetan egingo dituzte osoko bilkurak.

Hasi berri den agintaldian aurrekoan baino liberazio gehiago izango dira. Bederatzi liberazio eta erdi ezarri dituzte oraingo agintaldirako; aurrekoaren hasieran, berriz, 6,8 finkatu zituzten. Udal gobernuak—EAJ eta PSE-EE alderdiek osatzen dute— sei liberazio eta erdi izango ditu, eta oposizioak EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek berriz, hiru liberazio.

Ostegunean egin zuten ezohiko udalbatzarra Zarautzen, eta, besteak beste, zinegotzien dedikazioak eta ordainsariak onartu zituzten, gehiengoz, EAJ (10), PSE-EE (2) eta Irabazi Zarautzen (2) aldeko botoekin. EH Bilduk aurkako botoa eman zuen, zazpi boto guztira. Hala, Xabier Txurruka (EAJ) alkatea dedikazio osoz ariko da datozen lau urteetan, baita EAJko Jesus Arana, Nekane Iribar eta Iban San Martin, eta Gloria Vazquez (PSE-EE) eta Mikel Goenaga (EH Bildu) ere.

Beste hainbat udal ordezkarik lanaldi partziala izango dute. %50eko liberazioa izango dute EAJko Maite Garrastazuk eta Ixidor Larrañagak; EH Bilduko Naiara Carvajalek eta Ane Arrutik; eta Irabazi Zarautzeko Ana de Benitok eta Oihane Delgadok. Beste liberazio erdi bat EAJko hiru ordezkariren artean banatuko dute. Modu horretan, Miren Letamendiak %20ko dedikazioa izango du, eta Jon Andoni Urdangarinek eta Iratxe Zorrozuak %15ekoa bakoitzak.

Aranak adierazi zuen liberazio kopurua areagotu izana udalaren «eraginkortasuna» bermatzeko dela. «Herri honen alde lan egiteko alderdi guztien ordezkariak egunero udalean egotea garrantzitsua da». Halaber, gogoratu zuen aurreko agintaldian oposizioari ez zitzaiola aukera hori eskaini.

Gastu politikoa, «inbertsio»

Dedikazioez eta ardurez gain, ordainsariak eta udal taldeen dirusariak ere zehaztu zituzten. Alkateak, esaterako, 65.000 euro jasoko ditu urtean. Goenagaren arabera, aurreko bi alkateek baino %18 gehiago. Txurrukak erantzun zion aurreko alkateak, Juan Luis Illarramendik (EH Bildu) baino 10.000 euro gehiago eskuratuko dituela, baina argudiatu zuen alkate izateaz gain, beste ardura batzuk izango dituela, hala nola, hirigintza, herri lank eta proiektuak hartuko dituela bere gain.

Horrekin batera, EH Bilduko bozeramaileak adierazi zuen korporazio osoaren gastua %53 igo dutela—aurreko agintaldian 328.427 eurokoa zen eta egun 585.411 eurokoa— eta gobernuaren gastua, berriz, %78—aurrekoan 540.547 eurokoa zen eta gaur 827.510 eurokoa—. «Horrek eragin zuzena izango du herritarrengan. Beste partidetatik dirua xurgatu eta herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak murriztuko dira. Kezkagarria da kontuan izanda krisiak nola eragin dien zarauztarrei». Ildo horretatik, udal gobernuari eskatu zion gastu horiek birplanteatzeko eta datorren udalbatzarrean «arrazoizko» diru kopuruak aurkezteko.

De Benitok, berriz, gogoratu zuen udal talde bakoitzari dagokion erantzukizuna exijitu behar zaiola, eta politikagintzarekin ez dela «inor aberastu» behar. Horregatik, udal gobernuari eskatu zion gastu politikoari aurre egiteko beste partidetako dirurik ez erabiltzeko.

Bakoitzak dagokion funtzioa bete ahal izateko proposamena «egokia» da Vazquezentzat. Oposizioari bere lana egiteko baliabideak jarri zaizkiola gogoratu zuen. «Gastua ordez, inbertsioa da herriaren alde lan egiteko», azpimarratu zuen.

Aranak adierazi zuen udal gobernuaren apustua «garbia» dela: «Udalak, eraginkorra izateko, baliabideak behar ditu. Eta ikusiko duzue nola udal eraginkor batek gastu kopurua jaitsiko duen, zerbitzurik mugatu behar izan gabe».

Gobernu akordioari kritika

Goenagak EAJren eta PSE-EEren gobernu akordioa kritikatu zuen. Esan zuen ez dela egokia, eta ez diela herriko beharrei erantzuten. «Herritarrek eskatu izan dutenari ez dio erantzuten; abertzaleen arteko akordioak babesten dituzte». Gogoratu zuen ez dela akordio «puntuala», «zabala» baizik, Gipuzkoan eta EAE mailan ere eman delako. «Horrek kezkatzen gaitu. Abertzaleek politikak eraikuntza nazionalera bultzatu nahi dituzte eta akordio hori ildo horretatik urruntzen da».

Irabazi Zarautzeko bozeramaileak esan zuen akordioa ez dela «eraginkorra» izango bere alderdiarentzat, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa osatzen dutelako eta Irabazi Zarautzen botoa ez delako «erabakiorra» izango. Haren arabera, Irabazi Zarautzek udalean «joko gutxi» izango du, baina ez egunerokoan eta proposamenak egiteko garaian.

PSE-EEko bozeramaileak erantzun zien biei. Nabarmendu zuen EAJ eta PSE-EEren akordioa «ezberdinen arteko akordioa» dela, eta hori «aberasgarria» dela. «Indarrak batzea positiboa da, gauza gehiago lortzeko aukera dagoelako. Panorama eraginkorra da guztiz».

Aranak gogoratu zuen akordioa zabala dela, «gardentasunez» jardungo dutela lanean, eta ez dekretu bidez. «Udala zabala da, eta prest dago oposizioaren zein herritarren proposamenak entzun eta kontuan izateko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide