Zumaiako emakumeek laugarrenez lortu dute Gipuzkoako txapela

Urola Kostako Hitza 2015ko uzt. 17a, 00:00

Gizonezkoetan sailkapena bertan behera utzi du epaileak, Donostiarrak estropada inpugnatu ondoren. Asteburuan zortzi estropada jokatuko dituzte, hiru Orion.Zumaiak irabazi du emakumezkoen Gipuzkoako Txapelketa arraunean laugarren aldiz (urte batean Get...

Gizonezkoetan sailkapena bertan behera utzi du epaileak, Donostiarrak estropada inpugnatu ondoren. Asteburuan zortzi estropada jokatuko dituzte, hiru Orion.

Zumaiak irabazi du emakumezkoen Gipuzkoako Txapelketa arraunean laugarren aldiz (urte batean Getariarekin ontzia osatuta); 2008ko, 2010eko, 2013ko eta aurtengo txapelak ditu bere esku. Herenegun jokatu zen Donostian, eta zumaiarrek 11 minutu azpitik amaitu zituzten lanak. Nagore Osoro patroia gustura da garaipenarekin, baina sentsazio gazi-gozoak ere utzi dizkio azken probak: «Kanporako bidea oso ondo egin genuen, baina bueltakoan asko prezipitatu ginen, eta ez ginen gustura gelditu egindako lanarekin». Hala ere bederatzi segundoko aldea atera zioten San Juani, eta hamalau Oriori eta Hibaikari. «Ikusi dugu geuk gure lanik onena egin ez arren irabazteko gai garela», azaldu du Osorok.

Baina hankak lurrean ditu zumaiarren patroiak. Ez du uste Euskotrenen garaipenak erraz etorriko direnik: «Bi estropada bakarrik jokatu ditugu, eta San Juanek irabazi du bat eta guk bestea. Parekatuta ibiliko garela uste dut, eta estropada eremuak ere asko baldintzatzen du bakoitzaren lana». Beste taldeak ere ez ditu gutxiesten Osorok: «Hibaika eta Orio ere oso berdinduta dabiltza, eta gure aurretik jar daitezke». Izan ere, patroiaren ustez denek dute irabazteko gogoa. «Inoiz ez da konformatu behar egindakoarekin, ezta besteak baino gehiago garela sinistu behar ere», esan du.

Datozen hitzorduei buruz galdetuta, estropadaz estropada joango da Zumaia. «Iazko talde bera dugu, iaz garaipen bakarra lortu genuen eta aurten ilusio asko dugu eta gogo izugarria garaipenez gozatzeko».

Gizonezkoena baliogabe

Faboritoen artean zegoen Orioko gizonezkoen taldea, baina herenegun bigarren tokiarekin konformatu behar izan zuten, Hondarribiak 27 segundoko aldea atera baitzion. Azkeneko txandan aritu zen, Hondarribiarekin, San Juanekin eta San Pedrorekin batera. Baina polemika egon zen, bigarren txandan bigarren kaleko barruko baliza mugitu egin zelako. Ondo jartzen saiatu ziren, baita jarri ere, baina azkenean, erlojuaren kontra jokatzea erabaki zuten txanda.

Ordea, Donostiarra Arraun Elkarteak inpugnatu egin zuen estropada, traineru guztiak baldintza berberetan ez zirelako aritu, eta epaileak arrazoi eman dio. Orain, arraun klubek bi eguneko epea dute helegiteak aurkezteko.

Datorren astezkenean, hilaren 22an, Euskadiko Traineru Txapelketa jokatuko da Lekeition (Bizkaia). Bertan, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketetan sailkatutako lehen lau traineruek hartuko dute parte. Emakumeetan Gipuzkoako Zumaia, San Juan, Orio eta Hibaika ariko dira. Gizonezkoetan, Bizkaitik Urdaibai, Kaiku, Zierbena eta Isuntza daude sailkatuta.

Hiru bandera jokoan Orion

Asteburuan zortzi estropada jokatuko dituzte, eta horietatik hiru Orion. San Miguel Ligako eta Euskotren ligako erlojupekoak jokatuko dituzte bihar, Orion. Gizonezkoen Orioko traineruak parte hartuko duen XXV. Orioko Estropada 17:30ean hasiko da. Ondoren, 18:00etan, jokatuko da Hirugarren Orio Kanpina Bandera, kasu honetan emakumeen Zumaiako eta Orioko traineruak ariko dira.

KAE 1 ligakoek Pedreñan (Kantabria, Espainia) dute hitzordua bihar, 18:00etan. Marina de Cudeyo bandera jokatuko dute Orio B, Zumaia, Getaria eta Zarautzek. Igandean, berriz, Orion VIII. Bisigu Eguna ikurrina dute jokoan, 18:30ean.

KAE 2n ari den Zumaia Bk ere bi estropada jokatuko ditu asteburu honetan: bihar, 16:30ean, Plentzian; eta igandean, 12:30ean, Pasaiako badian, Errenteria Hiria Ikurrina.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide