Baleak eta zumeak

J.M. Olaizola 'txiliku' 2015eko uztailaren 16a

Gure inguruan balea ospetsurik bada, Orion harrapatutako balea da, 1901. urtean, maiatzaren hamalaugarren egunean. Garaian egindako bertsoek, eta, gero, Benito Lertxundik haiek abestu izanak egin dute ospetsu Orioko balea.Baina badira beste balea batzu...

Gure inguruan balea ospetsurik bada, Orion harrapatutako balea da, 1901. urtean, maiatzaren hamalaugarren egunean. Garaian egindako bertsoek, eta, gero, Benito Lertxundik haiek abestu izanak egin dute ospetsu Orioko balea.

Baina badira beste balea batzuk ere gure gogorantzan gaur eguneraino iritsi direnak. Esaterako, balea bat harrapatu zuten Donostiako arrantzaleek 1854. urtean; balea-kumea zehatzago esanda. Balea-kume hori arpoiez zauritu zutenean badiara sartu zen, baina ez zegoen bakarrik, eta haren laguntzan balea-ama etorri zen. Amak, kumearen eta ontzien artean sartuz, loturak eta sokak hautsi zituen, baina beranduegi zen, ordurako hila zen semea.

Balea-kumea hondoratu zen eta donostiarrek zelatariak jarri zituzten hildako balea noiz azaleratzen zen ikusteko. Egunsentiarekin, Getariako ontzi bat etorri zen, itsas azalean agertu berri zen balea hartu eta eramateko, baina zelatari donostiarrek abisu eman hirian eta balea Donostian uztera behartu zituzten getariarrak.

Donostiako balea horren eta Orioko ospetsuaren artean izan zen Zarauzko balearen ehiza, milla zortzireun da setenta y otxuan bertsoak esaten duenez, otsailaren hamaikan.

Zarauzko baleak kontu eta istorio ugari ekarri ditu, egunkariko orri erdia baino gehiago liburu osoa betetzeko adinakoak, asko gure egunetaraino iritsi direnak, eta oraindik ere haserreak pizten dituztenak zarauztar, getariar eta oriotarren artean, hiru herri horietakoak izan baitziren gure kostaldean balea lehengo era zaharrean ehizatu zuten azken aldia (Orion dinamita ere erabili zuten).

Badira balea horri buruzko bertsoak. Roke Etxabek eginak (edo egiteko agindutakoak) dira, eta garai hartako ohiturei buruzko altxor polita da. Beharbada mereziko luke arreta gehixeago jarri eta balearen historiari kizkur gehiago ateratzea, baina hori beste kontu bat da… Gaurkoz baleak eta zumeak uztartzea nahikoa lan izango da.

Roke Etxabek (eta arrantzale zarauztarrek) Getariako agintariekin izan zituzten gorabeherak: Antton Aranberri patroi eta kabodemarrekin eta Sebastian alkatearekin. Alkatearengatik esaten du bertso batek: Sebastian du izena, ez dakit lonbria; zume-punta batekin hango alkatia, oju egiten zuben: «Neu naiz erregia!».

Rokeren haserrea bi agintari horienganakoa da, biek adierazi baitzuten beren agintea arrantzako lege zaharrak (lehen arpoia nork sartu) baztertuz. Honela dio, umore ukituarekin: Elkanok bi seme, orain, errege baditu (Antton eta Sebastian), gizon brontzezko horrek nola egin ditu? Zume za(ha)r baten puntak hainbeste meritu, Zarauzko alkatiak errekan baditu, pobriak zerbitzeko irukitzen (edukitzen) ditu.

Alkateek aginte-makila izan ohi dute bere agintearen adierazle, baina zenbait garai eta lekutan zume adar bat biribilean bilduta izan ohi zen aginte-makila. Hortik zumeari egiten zaion aipamena, alkatearen zume edo aginte-adierazleari.

Zumeak garrantzia handia izan du mahastiak diren herrietan, zumearen urteko kimu berriak erabiltzen baitziren mahatsak lotzeko. Lotura berezia egiten zen zumearekin, kibizta antzeko bat, mahats-aihena parraleko alanbreari lotzeko, eta, gero, poda-guraizeekin moztu hurrengoa lotu aurretik.

Horrez gain, zumeak otarregintzan erabiltzen ziren. Eskekoek eta ijito jendeek egiten zituzten, maiz, otarre horiek, handik edo hemendik eskuratuz lehengaia. Zarauzko herriak bazituen erriberetan zume ugari, eta haietako zenbait pobreak zerbitzatzeko edukitzen zituen. Eskekoek zume haiek hartzeko baimena zuten, alegia. Eta horrelaxe geratzen dira uztartuta baleak eta zumeak, izenburuak iradokitzen zuen eran. Nork esan bazutela loturarik!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide