Datorren martxoan hasiko da Euskal Herri mailako ibilaldi sorta, eta asmoa da tokiko eragileek laguntzea egun horietako kultur eskaintza osatzen. Getarian aurkeztu dute egitasmoa.
2016a iristeko hilabete gutxi falta dira, eta dagoeneko Donostia 2016 ekimena aurkezteko ekitaldiak egiten ari dira Euskal Herrian zehar. Ostegunean egin zuten Getarian agerraldia Cristobal Balentziaga Museoan, eta bertaratu ziren herritarrekin solasean aritu ziren Xabi Paya Donostia 2016 Kultur Programako koordinatzailea eta Bizitzaren Itsasargiko arduradun Ainara Garcia.2016an zehar Donostian egingo diren ekitaldien nondik norakoa azaltzeaz gain, eskualdean egingo direnak edo egin daitezkeenak aurkeztu zituzten.
Eskualdetik abiatuta
2016 Bidea da horietako bat, eta bizitza osasungarria eta adierazpen artistiko-kulturala uztartzea du helburu. Gipuzkoa, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Iparraldeko paisaia naturaletan barrena 32 etapako ibilbidea osatu dute, eta 2016ko martxotik urrira bitartean txangoak antolatuko dituzte igandeetan.
Lehenengo etapa martxoaren 27an izango da, eta Donostia-Orio-Zarautz herriak zeharkatuko ditu. Bigarren etapa, berriz, apirilaren 3an izango da, eta Zarautz-Getaria-Zumaia-Deba zeharkatuko ditu. «Kultur eskaintza erabili nahi dugu herritarrak bizimodu osasuntsua izatera eta beren ingurua deskubritzera animatzeko», azaldu dute arduradunek. Ibilbidea egiteaz gain, antolatzaileek ibilbiden hori kultur ekintzez bete nahi dute, eta horretarako tokian tokiko eragileei laguntza eskatu diete, dagokien igandean kultur ekitaldiak antolatzeko. 2016 Bidea egitasmoan parte hartzeko interesa duten erakunde eta eragileek 2016bidea@dss2016.eus helbidera idatzi dezakete beren ideia eta proposamenak azaltzeko.
Herritarren ideien zain
Donostia 2016 egitasmoa osatzeko prozesu parte-hartzailea egin zuten 2009-2011 bitartean. Eragileek, erakundeek eta herritarrek beren proposamenak aurkeztu zituzten, eta orduko zuzendariek irizpide jakin batzuen arabera horietatik hainbat proiektu aukeratu zituzten. Dena dela, Donostia 2016 ekimen parte-hartzailea izanik, etengabe garatzen ari da, eta horretarako abian du Energia Olatuak izeneko deialdia. Herritarrek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek aukera izango dute beren kultur proposamenak errealitate bihurtzeko Donostia 2016 ekimenaren barruan.
Hilero herritarrez osatutako kontseilu batek aurkezten diren proiektuetatik 5 aukeratuko ditu, eta bakoitzari 2.016 euroko laguntza emango die; atal horretan parte hartu dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Akitaniako herritarrek. Horretaz gain, bi hilabetetik behin 20.160 euroko laguntza jasoko duen proiektua aukeratuko dute, eta bertan parte hartu dezake Europako Batasuneko edozein herritarrek.