Murua, Europan hirugarren

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko uztailaren 14a

Genevan jokatutako triatloia «gogorra» iruditu zaio Ainhoa Murua zarauztarrari, baina «gustura» da emaitzarekin. Nicola Spirig suitzarrak jantzi du txapela.Lan ona egin du asteburuan Ainhoa Murua triatletak Europako Txapelketan. Izan ere, brontzea ...

Genevan jokatutako triatloia «gogorra» iruditu zaio Ainhoa Murua zarauztarrari, baina «gustura» da emaitzarekin. Nicola Spirig suitzarrak jantzi du txapela.

Lan ona egin du asteburuan Ainhoa Murua triatletak Europako Txapelketan. Izan ere, brontzea eskuratu du, hirugarren tokian amaitu baitzuen proba. Horregatik, «gustura» agertu da zarauztarra larunbatean, Genevan (Suitza), XXXI. Europako Triatloi Txapelketan lortutako emaitzarekin. Aitortu du txapelketako ibilbidea «gogorra» izan zela, eta beroagatik sufritu zuela gehienbat. 1,5 kilometro egin zituzten parte-hartzaileek igerian, 40 kilometro bizikletan eta hamar kilometro korrika. Muruak bi ordu, bederatzi minutu eta 16 segundo behar izan zituen ibilbide osoa gainditzeko.

Muruak azaldu du «entrenamendu onak» egin dituela txapelketari begira, eta horri esker jaso dituela «puntu politak», Europako Txapelketa puntuagarria baita hurrengo urteari begira.

Bi minutuko aldea

Muruaren aurretik, Nicola Spirig suitzarra (2:07:15) gailendu zen emakumezkoetan, eta Annamaria Mazzetti italiarrak (2:08:14) egin zuen bigarren. Lehen hirurak bi minuturen barruan helmugaratu ziren. Gizonezkoetan, berriz, David Hauss frantziarra (1:52:55) gailendu zen, Sven Riederer suitzarra (1:53:13) izan zen txapeldunordea eta Kristian Blummenfetl norvegiarra (1:53:16) izan zen hirugarrena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide