Indar erakustaldi bat, gau eta egun

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 14a

'Fackanpada' egiten ari dira egunotan Arabako Subilla Gasteiz herribatzan. Han dira Azpeitiko eta Azkoitiko Fracking Ez taldeko kideak, zulaketa hidraulikoen kontra «herri bat» dagoela erakusten.Frackanpada jendetsua egiten ari dira Arabako Subilla G...

'Fackanpada' egiten ari dira egunotan Arabako Subilla Gasteiz herribatzan. Han dira Azpeitiko eta Azkoitiko Fracking Ez taldeko kideak, zulaketa hidraulikoen kontra «herri bat» dagoela erakusten.

Frackanpada jendetsua egiten ari dira Arabako Subilla Gasteiz herribatzan, igandea bitartean. Asteburuan barne-mailako kanpaldia egin dute, eta atzo hasi ziren ekitaldi irekiak. Fracking Ez taldeak antolatu du, eta eskualdean ere ari dira lanketa egiten.

Azpeitiarrek eta azkoitiarrek jarraitzen dute gaia gertutik, gehien bat: «Urola barruko jendea gabiltz, eremu hauek ere arriskuan daudelako». Izan ere, Urola Kostan baimena eskatua dago hausketa hidraulikoak egiteko; Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zarauzko zati bat harrapatzen du maparen gainean. Ion Altuna eta Iraitz Elordi azpeitiarrak eta Iban Huerta azkoitiarra dira Urolako Fracking Ez taldeko kide batzuk.

Fracking-a edo hausketa hidraulikoa lur azpitik gasa eta petrolioa ateratzeko teknika bat da. Lurrazaletik 2.500 metro ingurura sartzen dute hobi bat, eta ura botatzen dute, beste likido kimiko batzuekin batera, presioan. Horrek sortzen du gasak lurrazalera irtetea.

Frankig Ez taldeko kideen arabera, zulaketa horiek «oso arriskutsuak» dira ingurumenarentzat eta osasunarentzat. Gasteiz inguruak du zulatua izateko arrisku gehien, eta mugimendua han da indartsuena. Hala ere, Elordik argi du «beharrezkoa» dela «balazta hasieratik» jartzea, hausketa «inora» iris ez dadin: «Herritarrei azaldu behar diegu behin lanean hasten badira, produkzioak aurrera egingo duela, eta segituan iritsiko direla gure lurretara. Burgos, Araba eta Kantabria izango dira lehenak, baina ez da hor bukatuko. Gipuzkoara ere helduko da».

Herriaren babesa

Kezka hori lagun, sinadura bilketa hasi zuten irailean. Horrez gain, Azpeitian eta Azkoitian, hitzaldiak, erakusketak, bideo-emanaldiak eta abar antolatu dituzte. Jaurlaritzan 103.000 sinadura aurkeztu dituzte, 3.055 Urola Kostakoak, eta han onartu egin dira zenbait lege, zulaketa mugatzeko. «Estatuaren eskumena da, eta autonomia erkidego batek ezin du debekatu. Hala ere, ingurumen aldetik jota muga daiteke, eta hori lortu dugu hemen, herriaren presioari esker», azaldu dute kideek.

Horrez gain, Fracking-ik gabeko udalerriak izendatzeko mozioak onartu dira Azpeitian, Azkoitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian, besteak beste. «Onartu egin ziren mozioak, baina ikusten dugu ez zuela oihartzun handia izan herrian, eta hori gure akatsa izan daiteke», azaldu dute. Taldeko kideek ikusten dute beraien lana jendeari ona iruditzen bazaio ere, bat egitea kostatzen zaiela. Horregatik da «egokia» Frackanpada-ren formatua, «jendea kontzientziatzeko, elkarlana sustatzeko eta harremanak sendotzeko».

«Kontzertuak, hitzaldiak, denetik egongo da, eta nazioarteko izenak ere izango ditugu Subillan», azaldu du Elordik. «Sinbolikoa» da lekua, hor dagoelako eskatua lehen haustura hidraulikoa egiteko baimena: «Elkartasuna eta elkar babestea beharrezkoa da». Harremanetarako mezua bidali daiteke frackingezurola@gmail.com helbidera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide