Zumaia eta Orio Euskotren Liga jokatzeko sailkatu dira asteburuan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko uztailaren 14a

Zumaiako emakumezkoen traineruak eta Orioko gizonezkoen traineruak Eusko Label Bandera irabazi zuten igandean Donostiako uretan, asteburua borobilduz.Asteburu emankorra izan da pasa dena eskualdeko traineruentzat. Batetik, Orioko gizonezkoen traineruak...

Zumaiako emakumezkoen traineruak eta Orioko gizonezkoen traineruak Eusko Label Bandera irabazi zuten igandean Donostiako uretan, asteburua borobilduz.

Asteburu emankorra izan da pasa dena eskualdeko traineruentzat. Batetik, Orioko gizonezkoen traineruak San Miguel Ligako Eusko Label bandera irabazi zuen igandean. Denboraldia hasi denetik oriotarrek irabazi duten lehena izan da, eta gustura dira emaitzarekin; cava eta guzti ospatu zuten igandean bertan Orioko udaletxean.

Horretaz gain, asteburuan Euskotren Ligako sailkapen estropadak jokatu zituzten emakumezkoen traineruek. Zortzi ontzitatik hiruk soilik eskuratu zezaketen Euskotren Ligan jokatzeko txartela. Eskualdeko hiru traineruk parte hartu zuten lehian: Zumaiak, Oriok eta Zarautz-Getariak, eta Zumaiako eta Orioko emakumezkoen traineruek lortu zuten liga jokatzeko txartela. Gainera, sailkatzeaz gain, zumaiarrek Eusko Label Bandera irabazi zuten. Orain traineru gorria liderra da Euskotren Ligan, San Juango taldearekin batera.

Uztaileko lehen asteburuan Galizian izandako emaitza txarrak gainditu eta Orioko gizonezkoen traineruak denboraldiko lehen bandera irabazi zuen igandean Donostiako uretan. Norgehiagoka estua jokatu zuten oriotarrek Urdaibairen eta Hondarribiaren aurka; estropada osoan zehar pare-parean ibili ziren hirurak, eta 13. minutuan beren lehiakideengandik ihes egitea lortu zuten oriotarrek. Hondarribia baino lau segundo lehenago iritsi ziren azken balizara, eta bueltako luze bikaina egin zuten gainera. Estropada hautsi zuen traineru horiak bigarren iritsi zen Hondarribiari zortzi segundoko alde aterata. «Gure maila erakutsi dugu eta gustura gaude», berretsi du Igor Makazaga entrenatzaileak.

Indarrak parekatuta

Igandeko banderarekin aurreko asteburuko «arantza kentzea» lortu dute oriotarrek. «Galizian lan ona egin genuen, baina emaitzek ez ziguten lagundu. Estropadetan kanpo faktore askok eragin dezakete; haizeak, txanden arteko desberdintasunak, kaleak edota estropada eremuak. Horiek denak eragin zuzena izaten dute emaitzetan eta guk ez genuen zorterik izan Galizian». Horregatik, «norbere lana egitea garrantzitsua» dela iritzi du Makazagak. «Ahal den lanik onena egin behar da eta norbere buruari begiratu. Emaitzak nahi bezala ateratzen ez badira berriz arraun estropadek berezkoak dituzten gorabeherak kiroltasunez hartu behar dira». Izan ere, arraunlari, entrenatzaile eta adituek jakin badakite «lehia gero eta estuago» dela traineruen artean. «Duela 10-15 urte hiru-lau talde ibiltzen ziren punta-puntan eta orain, berriz, indarrak parekatu dira. Uda hasieran, gainera denok indartsu gaude, iraila iristen ari den heinean aldeak nabarmenduko direla uste dut».

Larunbateko hirugarren postuari eta igandeko garaipenari esker sailkapen orokorreko bosgarren postutik hirugarren postura salto egin dute oriotarrek, eta datorren asteburuan Orion jokatuko den Orioko Kanpina Bandera estropadan berriz ere ohorezko txandan arituko dira.

Zumaiarrak indartsu

Indartsu abiatu dute Euskotren Liga zumaiarrek, gainontzekoak baino indartsuago daudela erakutsi dute asteburuan, baina «hankak lurrean» izan behar dituztela argi du Kike Manterola entrenatzaileak. «Estropadetan ahal dugun lan onena egiten saiatu behar dugu. Gainontzeko taldeak ere lan ona egiten ari baitira, eta huts eginez gero atzetik izango ditugu bandera lortzeko irrikaz». Larunbatean, esaterako, «akatsa» egin zutela uste du zumaiarren entrenatzaileak, «erlojuaren aurkako estropadan erreferentzien arabera aurretik gindoazen, baina konfiatuta estropada amaieran ez genuen azken txanpa jo, hor denbora galdu genuen eta San Juanek irabazi zuen bandera».

Igandean, berriz, aurreko egunean gertatutakoaren «amorruz lan borobila» egin zuten zumaiarrek. «Arantza kendu genuen, primeran aritu ginen arraunean eta ziaboga ederra eman genuen. Horrela jarraitu behar dugu aurrerantzean, estropadaz estropada deskuidatu gabe», aitortu du Manterolak.

Oriotarrak ere pozez zoratzen dira Orioko emakumezkoen traineruak lehen aldiz EuskoTren Ligan sailkatzea lortu duelako. Euskotren Ligan sailkatzeko esperantza bazuten, «oso denbora onak egiten ari ginen entrenamenduetan», baina Klaudio Etxeberria entrenatzaileak esan duen moduan, «estropadetan erakutsi behar izaten da taldearen maila. Urduritasunak, itsasoaren egoerak edo kaleak zeresana izaten du. Oraingoan, ordea, oso lan ona egin dute neskek. Talde berria bagara ere, Euskotren Ligan sailkatzea lortu dugu». Behin sailkatuta Orioko emakumezkoen hurrengo helburua ligan maila ona ematea da. «Jakin badakigu Zumaia gainontzekoak baino indartsuago dagoela, baina estropadaren batean hutsegiteren bat edo zorte txarra badute bandera irabazteko lehian izango gara, horretarako gaitasuna badugu-eta».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide