Urola Kostako produktuak ezagutzera emateko eta turismo eskaintza osatzeko eskualdeko sei ekoizlek eta bost jatetxek proiektua gastronomikoa abiatu dute.
Euskadi Gastronomika zigilua duten Urola Kostako hainbat ekoizlek eta jatetxek lankidetza proiektua abiatu dute bertako produktuak sustatzeko eta eskualdeko turismo eskaintza osatzeko asmoz. Jatetxeek eskualdeko ekoizleen produktuekin platerak, pintxoa, razioak eta ogitartekoak prestatuko dituzte herritarren eta bisitarien gozamenerako.Zarauzko Turismoko zuzendari Esther Facchinek azaldu duenez, Urola Kosta «erreferentea» da gastronomia arloan eta sektore hori indartzeko oso garrantzitsua da bertako produktuak ezagutzera ematea. «Eskualdeko turismo bulegoetara gerturatzen diren bisitariek askotan galdetzen digute ondo non jan daitekeen. Gastronomiak gure turismo eskaintzan pisu handia du eta arlo hori lantzea garrantzitsua da». Basquetour erakundeko Iker Urzelai teknikariak gehitu du, eragile publiko pribatuen lankidetza oso garrantzitsua dela turismo arloa lantzeko.
Ateak irekita
Euskadi Gastronomika zigiludun Urola Kostako ekoizle gehienak enpresa txikiak direla nabarmendu du Talai Berri Txakolindegiko ordezkari Onditz Eizagirrek. «Ez dugu ekoizpen handia, baina kalitatea da gure ezaugarririk nabarmenena».
Hasiera batean, eskualdetik kanpo beren produktuak sustatzeko elkartu ziren ekoizleak eta elkarlanean emaitza baikorrak lortzen zituztela ikusita eskualdean ere ekimena martxan jartzea pentsatu zuten. «Euskadi Gastronomikako Urola Kostako jatetxeekin harremanetan jarri ginen eta gure produktuak aurkeztu genizkien, hortik sortu da elkarlanean proiektua abiatzeko ideia». Balearri jatetxeko Ana Gomez Larrañagaren esanetan, «jatetxe bakoitzak produktuak bere modura prestatuko ditu eta eskaintza erakargarria» aurkeztuko dute.
Oraingoz sei ekoizlek (Aroa, Ezkurtxerri, Maisor, Salanort, Satxota eta Talai Berrik) eta bost jatetxek parte hartuko dute proiektuan: Zarauzko Itxas-Lur eta Euskalduna tabernek eta Getariako Balearri, Politena eta Giroak. Dena dela, «proiektu lehen urratsak ematen ari dela eta hasiera besterik ez» dela azaldu dute. Euskadi Gastronomikoaren parte diren ekoizleei eta jatetxeei ekimenean parte hartzeko deia luzatu diete sustatzaileek.