Datorren astelehenetik ostiralera 15 lurraldetako 550 kirolarik bela, surfa, arrauna, piraguismoa eta igeriketa lehietan parte hartuko dute; Orion izango dira saio gehienak.
Atzo goizean Uretako Joko Atlantikoak aurkeztu zituzten Donostian Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondok, Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak. Datorren astelehenetik ostiralera bitartean jokatuko dira Orion eta Zarautzen, eta arrauna, bela, surfa, piraguismoa, igeriketa, urpeko jarduerak eta ur sorospen kirol lehiak bilduko ditu txapelketak. Dagoeneko dena prest dute bi herrietan, atlantiar isurialdeko 15 lurraldetako kirolari, entrenatzaile eta teknikariak hartzeko; antolatzaileek espero dute giro ederra izango dela eskualdeko bi herrietan. Besteak beste Pays de la Loire, Bretainia, Akitania, Devon, Gales, Vina de Castelo, Galizia, Gaztela eta Leon, Nafarroa eta Euskadi Basque Country selekzioek parte hartuko dute; denera 550 kirolarik.Astelehen arratsaldean egingo dute inaugurazio ekitaldia Orion; lehenik eta behin Mendibeltz futbol zelaitik kirol portura desfilea egingo dute parte-hartzaileek, eta 20:00etan ekitaldi berezia izango da kirol portuan. Asteartean, asteazkenean eta ostegunean kirol lehiak jokatuko dituzte egun osoan zehar marea ordutegiaren arabera. Ur sorospen eta bela norgehiagokak Orioko arrantza portu inguruan jokatuko dira, igeriketa eta urpeko jarduerak Oribarzar hondartza inguruan, eta arrauna eta piraguismoa Arraunetxearen bueltan; surf txapelketa, berriz, Zarauzko uretan jokatuko dute. Antolatzaileek zehaztu dutenez, lurraldeen arteko «elkartasun eta lagun arteko lehiakortasunagatik» nabarmentzen da txapelketa. «Uretako Joko Atlantiko onenak izatea nahi dugu. Ikuskizun bikaina eskainiko dugu itsas aldean, eta kirolariak eta ikusleak izango dira protagonista».
«Inguru aproposa»
Orioko eta Zarauzko alkateak gustura dira Uretako Joko Atlantikoak egiteko beren herriak aukeratu dituztelako. «Antolaketa bilera batean Atlantic Games erakundeko arduradun batek aitortu zidan 21 urtetan izan duten tokirik egokiena dela Orio eta Zarautz ingurua, inguru paregabea izateaz gain kirol azpiegiturak eta kirolarien ostatua oso gertu daudelako», zehaztu zuen atzo Zalduak aurkezpenean.
Bestalde, Zarauzko alkate Xabier Txurrukak nabarmendu zuen Orio eta arrauna bat diren bezala, Zarautz eta surfa ere bat direla. «Ziur nago herri bakoitzak bere onena emango duela eta txapelketa bikaina izango dela», azpimarratu zuen. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondo oriotarrak zehaztu zuen helburua «ahalik eta joko onenak antolatzea eta Euskadiko selekzioko kirolariek maila txukuna ematea» dela. «Euskadiren garrantzia gero eta nabarmenagoa izaten ari da Uretako Joko Atlantikoetan, eta aurtengoan ere horrela izatea nahiko genuke».
Egitasmo hau Bretainian sortu zuten 1995ean, Europako atlantiar isurialdeko lurraldeetako kirola, turismoa eta kultua sustatzeko. Ordutik, Europako hainbat lurraldetan egin izan dituzte joko horiek.
Redondok aurkezpenean azaldu zuenez, aurtengoa ez da lehen aldia Euskal Herrian kirol lehia hau antolatzen dena, 2008an Getxo eta Sopela inguruan egin baitzituzten, Bizkaiko kostaldean. Redondok adierazi zuen urte hartan Euskadiko hautagaitza Portugalgo eta Irlandako hautagaitzei nagusitu zitzaiola. «Getxo eta Sopela inguruek eskaintzen dituen geografia eta azpiegiturengatik, primerako jokoak izan ziren».