Euskotren Ligarako txartelak jokoan estropadaz betetako asteburuan

Gorka Zabaleta 2015eko uztailaren 10a

Ligan sartzeko faboritoa da Zumaia, eta Oriok ere aukera du; zailago dauka Getaria-Zarautzek. Pasaian eta Donostian jokatuko dituzte bi sailkatze estropadak.Lau traineruk izango dute Euskotren Liga jokatzeko aukera, baina hiru dira asteburuan jokoan da...

Ligan sartzeko faboritoa da Zumaia, eta Oriok ere aukera du; zailago dauka Getaria-Zarautzek. Pasaian eta Donostian jokatuko dituzte bi sailkatze estropadak.

Lau traineruk izango dute Euskotren Liga jokatzeko aukera, baina hiru dira asteburuan jokoan dauden txartelak, iazko irabazle San Juanek zuzenean duelako parte hartzeko eskubidea. Emakumeen arraun denboraldiko liga nagusian parte hartuko duten beste hiru traineruak erabakitzeko bi sailkatze estropada jokatuko dituzte, larunbatean Pasaiako badian (18:00etan) eta igande egurdian Donostian; bi estropadetako emaitzak gehituta osatuko dute sailkapena. Erlojupekoak izango dira biak.

Denboraldia nola doan ikusita, oker handia gertatu beharko litzateke Zumaia kanpoan gelditzeko. Orain arte, bai ontzi txikietan, bai traineruarekin, aurkariak baino koska bat gorago dagoela erakutsi du. Gipuzkoako Ligako lehen hiru banderak irabazi ditu, eta Euskotren Liga eta Kontxako bandera irabaztea du aurten helburu.

Zumaiarekin batera, Hibaikak ere aukera handiak ditu. Azken urteotan goian dabilen trainerua da, eta aurten ere lau onenen artean sartu beharko litzateke. Azken posturako borroka estuagoa izango da, ordea. Orio iaz ligatik kanpo gelditu zen, baina urtetik urtera urrats sendoak ari dira egiten, eta epe luzera antolatutako lana ari da bere emaitzak ematen. Aurten estropada burutik gertuago dabil, eta Euskotren Ligan sartzeko hautagai serioa da. Ikusi beharko da Cabok (Galizia) zer mailako trainerua dakarren. Galiziak beti erakutsi du indar handia emakumeen traineruetan, eta aurten ere ordezkari bat sartu nahiko dute Euskotren Ligan.

Nahikoa zaila dirudi gainontzekoen artetik norbaitek ezustea ematea. Getaria-Zarautz gaur egun ez dago aipatutako lauzpabost taldeen mailan, eta pixkanaka taldea sendotzen joatea da aurtengorako daukaten helburua.

Estropada ugari

Agenda ondo antolatu beharko dute arraunzaleek, estropadaz beteta dator-eta asteburua. Euskotren Ligako sailkatze estropadekin batera, San Miguel Ligako laugarren eta bosgarren jardunaldiak jokatuko dira Pasaian eta Donostian. Galiziako estropada-eremu bihurrietako emaitza kaskarrak atzean utzi nahiko ditu Oriok, berriro gora begira jartzeko.

Estropada berezia izango da Pasaiakoa: badia barruan jokatuko da, eta bost ziaboga eta sei luze egin beharko dituzte. Interesgarria izango da traineru bakoitzaren estrategia alderatzea tripulazioa osatzeko garaian. Estropada oso gogorra izango da, eta bost ziaboga horiek erabakigarriak izan daitezke. Talde indartsuena edo arinena, zer den komenigarriago, hor asmatzen duenak asko izango du irabazita.

KAE Ligan ere ez dago atsedenik. KAE 1eko estropada larunbatean jokatuko da, Donostian (17:30ean). Azken bi banderak Zumaiak irabazi ditu, eta seguru berriro lehen postuetarako lehian izango direla zumaiarrak eta getariarrak. Getariak oraindik lau puntuko aldea du sailkapen nagusian, eta lidertza egonkortu nahi du. KAE 2ko estropada igandean jokatuko da, Donostian, Euskotren eta San Miguel ligen aurretik (11:30ean).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide