San Fermin Txiki jaia ospatu dute Azpeitian eta Azkoitian, eguraldi ederrarekin. Gaur Getariako, Orioko, Zestoako, Zarauzko eta Zumaiako herrigune eta auzoetan gozatuko dute umeek Nafarroako festaz.
Euskal Herriko beste hamaika txokotan bezala, Azpeitian eta Azkoitian ere San Fermin Txiki jaia ospatu zuten atzo. San Fermineta gatoz ondo pasatzera, zezenaren aurrera korrika egitera ohikatu zuten haurrek eta gaztetxoek eguerdiko hamabiak inguruan.Pregoia irakurri zuten Sindikatu Zaharreko balkoian, Azpeitian; eta udaletxekoan, Azkoitian. Txupinazoarekin batera hasi ziren umeak korrika, eta Azpeitiko eta Azkoitiko Alde Zaharrak zeharkatu zituzten udaleku irekietako begiraleen laguntzarekin.
Entzierroan lasterka
Iruñeko entzierroetan bezalatsu, zezen beltzen artean ibili dira lasterka umeak. Haur batzuk soka-mutil eta -neskez jantzi dira; eta, besteak, berriz, zezenez, kartoizko adarrekin.