Hondartza denboraldia hasi denetik, Gurutze Gorriak 38 erreskate egin ditu Zumaiako Itzurunen eta 16 Zarautzen. Zarauzko moilan panel informatiboak jarriko dituzte
Iaztik igo egin da Gurutze Gorriak Gipuzkoako hondartzetan egin duen asistentzia kopurua. Erakundeak, bereziki, erreskate kopurua nabarmendu du. Zumaiako Itzurunen eta Zarauzko hondartzan izan dira gehienak, 38 eta 16 erreskate, hurrenez hurren. Horiei Orioko 8 gehitu behar zaizkie. 62 erreskate guztira. Hondartza denboraldia ekainaren 15ean hasi zuten Getariako, Zarauzko eta Zumaiako hondartzetan, eta hilaren 6an Oriokoan.Erreskateez gain, hainbat motatako asistentziak egin dituzte Gurutze Gorriko arduradunek eskualdeko hondartzetan: besteak beste zauriengatik, erredurengatik, traumatismoengatik, ziztadengatik eta lipotimia kasuengatik artatu dituzte herritarrak. Getariako Gaztetapen bost asistentzia izan dira, eta 62 Malkorben; Orion 104; Zarautzen 116 eta 58 Zumaiako Santiagon eta 116 Itzurunen. Zentzu horretan, arretaz ibiltzeko eskatu die Gurutze Gorriak hondartzako erabiltzaileei.
Zarauzko Udalak ere herritarrei zein bisitariei gogorarazi die «derrigor» errespetatu behar direla banderak eta baita sorosleen aginduak bete ere. «Inoiz baino beharrezkoagoa da zuhurtziaz jokatzea», ohartarazi dute. Izan ere, itsasoa aurreko udatan baino «arrikutsuago» dago. Azaldu dutenez, zuloak handitu egin dira itsas hondoko mugimenduengatik, eta korronteak eta zurrunbiloak «bortitzagoak» dira egun. Ondorioz, arriskua areagotu egin da. Azti zentro teknologikoak Santa Barbaran kamerak ditu jarrita, egunero itsasoaren egoera eta korronteen ezaugarriak jasotzeko. Horren bidez, bainurako eremuak finkatzen ditu Gurutze Gorriak. Gogorarazi dute erabiltzaile guztien eskura dagoela informazio hori, Gurutze Gorriaren postuan.
Panelak, Zarauzko moilan
Horrez gain, bestelako ondorioak ere ekarri ditu itsasoa oldartzeak. Esaterako, harriak eta txintxorrak agertu dira Zarauzko Beraza eta Borgetto arteko gunean. Arazoa aztertzen ari dira dagoeneko, baina bitartean harriekin arduraz ibiltzeko gomendatu die erakundeak erabiltzaileei, bereziki, itsasgoran, uretan sartzerakoan. «Inoiz baino kontu gehiago» izateko eskatu du. Halaber, moila inguruan seinaleak eta panelak jarriko ditu erakundeak, herritarrek zein bisitariek gune horretako araudiaren eta erabilera gomendioen berri izan dezaten. «Ez dugu ahaztu behar portu bat dela», adierazi dute.
Horregatik, Zarauzko Udalak eskatu du profesionalen lana eta ohartarazpenak errespetatzeko, «hondartzako erabiltzaile guztien segurtasuna bermatu eta arriskuak saihestea delako horien helburua».