Adio, aio, agur, adios, goodbye, au revoir...

Ainhoa Alberdi 2015eko uztailaren 2a

Jaio ginen, jaio gintuzten». Jaiotzen gara, jaiotzen gaituzte, urteak pasatzen ditugu hazten, hazi eta hazi, hazi bat lurrean ereiten denean bezela, lurretik hasieran pixkatxo bat besterik ez da ateratzen, eguzkiaren beroaz, poliki-poliki goruntz doa ...

Jaio ginen, jaio gintuzten». Jaiotzen gara, jaiotzen gaituzte, urteak pasatzen ditugu hazten, hazi eta hazi, hazi bat lurrean ereiten denean bezela, lurretik hasieran pixkatxo bat besterik ez da ateratzen, eguzkiaren beroaz, poliki-poliki goruntz doa eta goruntz, goruntz... Ondoren loratzen da, lore eder bihurtzen, usain gozoarekin , bere denboratxoa ematen du heldutasun honetan, eta ondoren poliki-poliki berriro ere lurrerantz erortzen doa, bere zelula guztiak lurrari eskaini eta amaierara iritsi arte, akabatu arte, hil arte... Eta jaioko dira berriak, ereingo dira hazi berriak, lore berriak loratuko eta ximelduko, etengabeko dantza mugagabe batean...

Gure haurrak ere jaiotzen dira, «gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak...», jaiotzen ditugu, poliki-poliki hazten doaz gure babesaren laguntzaz, une bat iristen da non beraien hegalak garatzen dituzten eta hegan egiten utzi behar diegun, ez garelako beraien jabe, inoren jabe ez garelako, beharbada geure buruaren jabe ere ez, bizitzarenak garelako, askotan bizitza geurea dela pentsatzen dugun arren...

Ni duela zazpi urte jaio nintzen alor honetan, zazpi urte hauetan zuekin konpartitu ditut hainbat sentipen, iritzi, ilusio, amets, frustrazio, tristura... Hazi naiz, dudarik gabe, bost astetik behin zazpi urtetan mordoxka gai jorratu ditut ia oharkabean... Eta orain hegalak atera zaizkit eta beste lekuren batera hegan egiteko garaia iritsi da. Agur esaten ari da? Esango duzue. Bai, agur bat da, idatzi honekin bukatuko dut Bostekoa-ren garaia. Norbaitek inoiz esan zuen agurrak tristeak zirela, eta denok sinistu egin genuen, bizitzan beste hainbat gezur sinistu izan ditugun moduan. Gezur hauek bizitza guztian eragin digute, eta ez gara aske izan, besteek jasan dutenaren arabera bizi izan garelako, guk geuk nola sentitzen dugu probatu beharrean.

Ziur nago agurrak tristeak zirela esan zuen hura gabeziari begira zegoela. Bizitzan dugunari edo geratzen zaigunari begiratu beharrean, ez dugunari edo norbait joan eta uzten digun hutsuneari bakarrik begiratzen badiogu; noski, agurrak tristeak direla, oso tristeak. Nik oraingoan, agurra esaterakoan, zazpi urte hauetan hemen egoteak eman didan guztiari begiratu nahi diot. Eta ez dut joan nahi eskerrak eman gabe. Eskerrak Xabiri, Bostekoa-n idazteko gonbitea edo amua berak bota zidalako, eskerrak HITZAko erredakzio guztiari beti hor egoteagatik, eta beraiekin kontatu izan dudalako behar izan dudanean, eskerrak baita ere zazpi urte hauetan zuzendaritzan egon zareten bi emakume puska horiei, Leire eta Onintza. Eskerrak bost astero zintzo- zintzo abixua emateagatik, eta eskerrak baita ere nire idatziei begiratu eta akatsak zuzentzeagatik; eskerrak baita ere, noski, irakurle guztiei, zuek gabe ez bailitzateke hau guztia posible izango, ez bailuke zentzurik,eskerrak baita ere zazpi urte hauetan Bostekoa idatzi duzuen beste kideei, oso gustura irakurri ditut zuen idatziak eta elkar ezagutu ez arren, zerbait berdinaren parte ginela sentitu izan dudalako... Eta bai, hunkitu naiz, malkoak ateratzen zaizkit une honetan nire begietatik, baina pozez eta betetasunez ere negar egin daiteke, ezta? Malko eta guzti agurtzen naiz, bete-bete eginda, plazerrez...Ederra izan da zuen artean egotea, eta ziur nago edozein bazterretan aurkituko garela, topo egingo dugula... eta bitartean ondo bizi! Urte berri on!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide