25 urte 'Quebranta'-n lehiatzen

Ana Abarisketa 2015eko uztailaren 1a

Hasieratik parte hartu izan du Iñaki Olariaga azkoitiarrak Quebrantahuesos proban, eta aurten omendu egin dituzte bera eta beste beteranoak. 8.000 txirrindularitik gora biltzen ditu probak.Aldizkari batean irakurri zuen Iñaki Olariaga azkoitiarrak zi...

Hasieratik parte hartu izan du Iñaki Olariaga azkoitiarrak Quebrantahuesos proban, eta aurten omendu egin dituzte bera eta beste beteranoak. 8.000 txirrindularitik gora biltzen ditu probak.

Aldizkari batean irakurri zuen Iñaki Olariaga azkoitiarrak zikloturismoko proba berri bati buruzko albistea, eta lagun baten konpainian Sabiñanigora (Hues ca, Aragoi, Espainia) joatea erabaki zuen. Ordutik 25 urte igaro dira, eta mundu mailan ezaguna den Quebrantahuesos proba famatuko beteranoetako bat da. 33 urte zituen orduan Olariagak, eta bizpahiru urte zeramatzan txirrindularitzara afizionatuta. Geroztik, txirrindularitzarekiko duen zaletasunak eraman du, urtero, udararen etorrerarekin batera, Aragoiko bidea hartzera.

Proba gogorra da Quebrantahuesos. 200 kilometrotako ibilbidea du, eta 8.000 parte-hartzailetik gora biltzen ditu. Parte-hartzaileen artean beti izaten dira aurpegi ezagunak tartean. Aurtengo lehian, esaterako, Miguel Indurain eta Abraham Olano txirrindulari profesional ohiak eta Edurne Pasaban alpinista izan dira ekainaren 20an Sabiñanigoko proban lehiatzen.

Urteek aurrera egin ahala zale gehiago joan dira batzen probara, eta egun zozketa egin behar izaten dute izen emaileen artean parte-hartzaileak aukeratzeko. Asko izaten dira ondorioz probatik kanpo gelditzen direnak. Ez da azkoitiarraren kasua, aurreneko alditik parte hartu duenez, partaidetza ziurtatuta duelako. Aurtengoan, gainera, omenaldia egin diote beteranoei. Zortzi lagun izan dira guztira, eta hauetatik bost euskal herritarrak: Iñaki Olariaga azkoitiarrarekin batera Joxe Miguel Sorarrain, Javier Aiertza, Joxean Moreno eta Fernando Rasal del Pueyo omendu dituzte.

Gozatzeko lasterketa

Mekanikoa ofizioz, ez da erraza izaten Olariagarentzat lana eta txirrindularitzarekiko afizioa uztartzea. Asteburuak aprobetxatzen ditu lagunartean bizikletaren gainean jartzeko. «Larunbatean ez bada, igandean izaten da hori. Astean zehar, eta ordu aldaketa izaten denean behintzat, 06:00etatik 08:30ak bitartean ateratzen naiz pedalei eragitera». Azpeitiko Lagun Onak taldeko kidea da, eta bertako taldekideak izaten ditu gehienetan entrenamenduetako bidaia lagun. Hain justu, Lagun Onak taldeko kide batzuk Quebrantahuesos probatik kanpo gelditu dira aurtengoan, zozketan zorterik izan ez dutelako.

Txirrindulari zale amorratua da Olariaga, eta Sabiñanigon ere gozatu egiten duela dio. «Ez dut markak haustea helburu, disfrutatzea baizik. Aurtengoan, esaterako, zortzi ordu eta erdi inguruko denbora egin dut, eta gustura nago lortutako emaitzarekin». Hala eta guztiz ere, zalantzak ditu Olariagak beste Quebranta-rik izango ote den berarentzat. Adina aipatzen du tarteko, eta baita bere kideek ezin partu hartu izana ere. «Aurtengoan ere zalantzatsu ibili nintzen, baina baietzak irabazi zuen azkenean». Hain zuzen, aurtengo pasadizoa datorkio burura bitxikeriei buruz galdetuta, pedaletako bat puskatu baitzitzaion helmugaratzeko kilometro batzuk falta zirela. «Halaxe bukatu nuen proba, pedal baten faltan». Gainerakoan, gozatu egin zuen Olabarriak 25. aldi honetan ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide