Euskal Herriko Eskolarteko XXVII. Bertsolari Txapelketa jokatu zuten larunbatean. Iruretagoienak irabazi zuen, eta Ibañez azpeitiarrak hartu zuen parte.
Paul Iruretagoienak ataundarrak irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko XXVII. Bertsolari Txapelketa, eta Azkaineko Aitor Servier izan da txapelketako bigarrena. Orioko pilotalekuan jokatu zuten finala joan den larunbatean bederatzi bertsolari gaztek, tartean Iñigo Ibañez azpeitiarrak. Zozketaz hala erabakita, Ibañez bera izan zen azkena bertsotan hasten. 15 eta 18 urte bitarteko 112 bertsolari lehiatu dira txapelketan aurten, baina bederatzi soilik izan dira finalerako txartela eskuratu dutenak. Finalarekin bukatu da ikasturte honetako bertso eskolen jarduna ere.Maialen Lujanbiok egin zituen aurkezle lanak larunbateko saioan, eta lehiaketa hasi aurretik, Orioko Sara Mujika eta Olatz Aizpurua ikasleek bertso bana bota zuten. Haiek agurtu zituzten parte-hartzaileak eta ikus-entzuleak.
Bertsolariek honako lanak egin zituzten: zortziko handian zein txikian bina bertso binaka, gehienez bost puntuko neurrian, eta bertso bana bakarka. Beti legez, agurrarekin bukatu zuten saioa. Gipuzkoako gai-jartzaile taldeko partaideek jarri dituzte finaleko gaiak: Asier Iriondok, Aitor Alkortak, Iban Narbaizak, Iker Iriartek, Imanol Artolak, Inaxio Usarraldek, Ion Zalduak, Irati Agirreazaldegik, Itziar Etxezarretak eta Saroi Jauregik.
Amaieran, epaileek erabakia hartu bitartean, Josune Arakistain eta Julene Otaegi trikitilari bikoteak girotu zuen frontoia.
Sustrai Colinak eman zion saria lehenari, Iruretagoienari; eta Gregorio Zuaznabar Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilukoak, berriz, bigarrenari, Etxexuriri.
Haiez gain, finalean lehiatu ziren guztiek jaso zuten saria: Gabonetako oporraldietan egingo den Negulekuan egonaldia.
Bertsozale elkarteak jakitera eman duenez, eskolarteko txapelketaren helburuak dira sorreratik, «gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea» eta adin horretako haur eta gaztetxoak «entzulearen aulkitik zaletzea». Lehiaketaren hasieran, «euskara eta euskal kultura sustatzea» izan zen antolatzaileen «sena».