Udan lanean jarraituko dute 'herriko tabernen' alde eskualdeko herrietan

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 30a

Mobilizazioak izan dira asteburuan Azpeitian, Getarian eta Zumaian. Orkatzek 22. urteurrena ospatu du, eta atzo eta gaurko ere prestatu dute egitaraua; bart bertan igaro dute gaua.Ekitaldi eta mobilizazioak egin dituzte asteburuan Urola Kostako udalerr...

Mobilizazioak izan dira asteburuan Azpeitian, Getarian eta Zumaian. Orkatzek 22. urteurrena ospatu du, eta atzo eta gaurko ere prestatu dute egitaraua; bart bertan igaro dute gaua.

Ekitaldi eta mobilizazioak egin dituzte asteburuan Urola Kostako udalerrietan herriko tabernei babesa adierazteko. Dagoeneko lantaldeak eta batzordeak matxan dituzte Azpeitian, Getarian, Zarautzen eta Zumaian, eta udan ere lanean jarraitzeko asmoa dutela esan dute.

Asteburuari begira, igandean izan zen ekitaldi nagusia Getarian. Giza-kate laranja bat egin zuten herritarrek, eta Getariako kaleetan ibili ziren Harralderi babesa adierazteko. Lanean jarraitzeko asmo irmoa dutela adierazi zuten getariarrek, eta datozen egunetan emango dute egitarauen inguruko informazio gehiago. Zumaian, kontzertu bat eskaini zuten ostiralean, Inpernupeko atarian. Larunbatean, artisten maratoia egin zuten, goizez; eta manifestazio zaratatsua, berriz, iluntzean. Zarautzen, jaien barruan Arrano Kabia ez ixteko aldarrikatu dute; besteak beste, helduen danborradan idatzi bat irakurri zuten. Bestetik, udako egitaraua lantzen ari dira dagoeneko.

Orkatzen urteurrena

Azpeitiko Orkatz kultur elkarteak modu berezian aldarrikatu zuen bere tokia. Joan den astean bete zituen 22 urte, eta egitarau oparoa zuten astebururako. Osteguneko poesia musikatutik hasi, eta igandeko erromeri saioa bitartean makina bat ekitaldi egin dituzte Azpeitian.

Larunbata izan zen egun sendoena. Pala txapelketako finala, batzarra eta bazkaria egin zituzten. Iluntzean, berriz, kontzertuak izan zituzten tabernan.

Festaren ostean, atzorako eta gaurko egitaraua prestatu dute azpeitiarrek. Orkatzen pasatu dute gaua bart, baina horrez gain tertulia, afaria, film emanaldia eta mural margoketa egin zituzten. Bestalde, argazki jendetsua atera zuten Orkatz parean.

Gaur ere bertan igaroko dute gaua, eta honako ekitaldiak dituzte: 9:30ean gosaria egingo dute; eta gero, lan-banaketa. Behin hori eginda, ekitaldi bat egingo dute herriko kaleetan zehar. 13:30ean bazkaria dute, eta 15:00etan kantautore bat izango dute Orkatzen. 17:00etan, Orkatz inoiz baino biziago bilera irekia egingo dute, eta iluntzean da ekitaldi nagusia: 19:00etan, martxa laranja egingo dute herrian herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Ondoren, afaria eta kontzertua izango dituzte, eta han igaroko dute gaua.

Azpeitiarrak izan dira lehenak, baina hemendik aurrera, Euskal Herriko herrietan, txandaka, gaua pasatzen geldituko dira herriko tabernetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide