Herriarteko finala jokatuko du Azpeitiak Tolosaren kontra

E. Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 30a

Igandean da hitzordua, 10:30etik aurrera Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Finalerdia Astigarragari irabazi diote.Eskuzko Herriarteko finala jokatuko dute azpeitiarrek igandean, Tolosaren kontra. Izan ere, finalerdietako etorrikoa irabazi zuen igand...

Igandean da hitzordua, 10:30etik aurrera Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Finalerdia Astigarragari irabazi diote.

Eskuzko Herriarteko finala jokatuko dute azpeitiarrek igandean, Tolosaren kontra. Izan ere, finalerdietako etorrikoa irabazi zuen igandean Azpeitiko seikoteak, kadeteen eta seniorren garaipenarekin. Joanekoan ere gailendu ziren azpeitiarrak etxean; lau partida irabazita pasatu dira, beraz, uztailaren 5ean, igandean, jokatuko duten finalera.

Mikel Unanue eta Jon Alberdi kadeteek irabazi zuten lehen norgehiagoka, 22 eta 14. Nahiko berdindua izan zen partida erdi aldera arte. Hasieran azpeitiarrak aurretik hasi baziren ere, estuasun unea izan zuten, eta 6 eta 9an, esaterako, atzetik joan ziren. Erdi parean hartu zuten martxa, eta lan ona egin zuen Alberdi atzelariak. Abiadan egin zituzten azken tantoak.

Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilek 22 eta 11 galdu zuten Astigarragakoen kontra. Hasieran, berdinduta joan zen norgehiagoka, baina ezin izan zioten eutsi etxekoen mailari. Bestalde, 22 eta 18 irabazi zuten seniorrek. Azken partida izanda, nahikoa zuten 15 tanto egitea tanto zenbaketan aurretik izateko, baina garaipena eskuratu zuten. Hasieran aise hasi ziren azpeitiarrak, baina finalera pasatzeko behar zituzten 15 tantoak lortzean, asko aldatu zen partida, 15 eta 5ean zegoen markagailua orduan, baina azkar igo ziren etxekoak 18ra.

Joan den astean ere bi partida irabazi zituzten Azpeitiko pilotariek Astigarragakoen kontra. Horrez gain, 11 tantoko aldearekin joan ziren herenegun Astigarragako etorrikora. Frontoi Txikin, 22 eta 16 irabazi zuten Azpeitiko kadeteek; 22 eta 14 galdu zuten jubenilek eta 22 eta 9 irabazi, berriz, seniorrek. Finalerdietako joaneko eta itzuliko norgehiagoketan nagusituta, datorren igandean, uztailak 5, Donostiako Atano III.a pilotalekuan tolosarren aurka lehiatuko dira azpeitiarrak, 10:30etik aurrera.

Zumaia txapeldunorde

Zesta Puntako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finala ere jokatu dute asteburuan. Mutrikuko Danok Bat taldeko kirolariek irabazi zizkieten hiru partidak Zumaiari. Mutrikuko Miruaitz frontoian jokatu zituzten norgehiagokak ostiralean, eta etxeko kadete, jubenil eta seniorrek ez zuten hutsik egin.

Joseba Agirre eta Cristian Saez kadeteek; Eduardo Agirre eta Iñaki Lopetegi jubenilek; eta Mikel Alonso eta Ekaitz Osa seniorrek ordezkatu zuten Zumaia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide