Europako Sega Txapelketa jokatuko dute Azpeitian abuztuaren 28tik 30era

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 26a

Segalariak eta laguntzaileak zenbatuta, 350 pertsonek osatuko dute txapelketako taldea. Hiru eguneko egitarau oparoa prestatu dute Azpeitian, musika, kultura eta kirola uztartuta.Europako Sega Txapelketa jokatuko dute Azpeitian, abuztuaren 28tik 30era....

Segalariak eta laguntzaileak zenbatuta, 350 pertsonek osatuko dute txapelketako taldea. Hiru eguneko egitarau oparoa prestatu dute Azpeitian, musika, kultura eta kirola uztartuta.

Europako Sega Txapelketa jokatuko dute Azpeitian, abuztuaren 28tik 30era. Loiolako Basilikaren belardietan izango da lehiaketa, eta ordezkariek adierazi dutenez, «herri-kirolen nazioarteko gertaera garrantzitsuenetakoa» izango da. Suitza, Austria, Alemania, Eslovenia eta Hego Tiroleko kirolariak lehiatuko dira, Euskal Herrikoekin batera.

Denera, 92 segalarik parte hartuko dute; 61 gizonek eta 31 emakumek. Hala ere, laguntzaile ugari izango ditu probak; eta, guztira, 350 pertsonako taldea osatuko dute txapelketako partaideek. Selekzioetan banatuta egongo dira taldeak, eta hamabost segalari izango ditu nazio bakoitzak. Joan den edizioko irabazleek, ordea, parte-hartzaile bat gehiago izango dute: Suitzak gizonen mailan, eta Austriak emakumeen mailan.

Atzo aurkeztu zuten Europako Sega Txapelketa Donostiako San Telmo museoan, eta han izan ziren Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Iker Ruiz de Eguino Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria, Edurne Arzelus Almitza elkarteko ordezkaria eta Garikoitz Lobregat Europako Sega Txapelketako koordinatzailea.

Kirola eta aisia uztartuko dituzte egun horietan Azpeitian; izan ere, egitarau oparoa prestatu dute hiru jardunaldietarako. Kirol probez gain, azokak, dantza-saioak, kontzertuak, kultur erakustaldiak edo otorduak antolatu dituzte, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide