11 udalerrietan egin zuten sua herenegun iluntzean. Zarautzeko Zelai-Ondo auzoan eztanda gertatu zen sua pizterako garaian, eta bi pertsonak erredurak izan zituzten
San Joan suaren inguruan ospatu zuten herritarrek udaren etorrera Urola Kostako udalerrietan, astearte iluntzean. Oro har, ez zen ezbeharrik gertatu, Zarauzko Zelai-Ondon izan ezik. Izan ere, eztanda bat izan zen Zarauzko auzoan, sua pizteko unean. Hori dela-eta, bi pertsona zauritu ziren, erredurekin.Gertakariaren harira, Zelai-Ondoko jai batzordeak jakinarazi du «ondo» daudela zauritutako pertsonak, eta erredurak dituztela. Horrez gain, esan dute «sustoa eta disgustoa izugarriak» izan direla denentzat. «Asko sentitzen dugu gertatutakoa, eta gure babes osoa, besarkada handi bana eta, nola ez, barkamena ere eskatu nahi diegu bi zaurituei, baita sua piztu zuten gonbidatuei ere», nabarmendu dute. Adierazi dute «denek ikasi» dutela, halako zerbait berriro gerta ez dadin.
Giro beroa
Eskualdeko 11 udalerrietan ospatu zuten San Joan bezpera. Azpeitian, esate baterako, zenbait su piztu zituzten. Nabarmenenak Urrestillakoa eta plazakoa izan ziren. Urrestillan, herri afariaren ondoren zuhaitza sartu zuten plazan, eta ondoren sua egin zuten. Herriguneko plazan, berriz, Itsasi dantza taldeko kideek dantza egin zuten. Zestoan, Itxaropena dantza taldekoek suaren inguruan egin zuten ekitaldia, eta Idiakaitz txistulari taldekoek girotu zuten jaia. Azkoitian Zurt ISB saskibaloi taldekoek piztu zuten sua, eta Sahatsako dantzariek jarri zieten martxa lehen txinpartei. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ere piztu zuten sua, San Joan bezpera ospatzeko.
Kostaldean ere izan zen urteko oroitzapen txarrak suarekin erretzeko aukera. Getarian egun berezia izan zen atzokoa, San Joan jaiak ospatzen baitituzte han. 19:30ean abiatu zuten festa pintxo-janarekin, 21:30ean danborrada jo zuten musika bandaren laguntzarekin eta saioa bukatutakoan San Joan sua piztu zuten. Zumaian, Aian eta Orion ere suak, dantzak eta musikak alaitu zuten gaua.