Eskualdeko errealitatea ezagutu dute 250 ikasle inguruk. Iraurgi Berritzen-ek proposatuta, zortzi kasu erreal landu dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko eskoletan.
Azkoitiko eta Azpeitiko bost eskolak Elkarrekin Eraikitzen egitasmoa landu dute ikasturtean zehar, Iraurgi Berritzen garapen agentziak koordinatuta. Ikasleei gaur egungo gizartearen beharrak ikusaraztea da proiektuaren helburuetako bat, eta horretarako, elkarlanean aritu dira eskualdeko zazpi eragilerekin. Honako ikastetxeek parte hartu dute proiektuan: Floreaga Salestar Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak, Xabier Munibe Azkoitiko Ikastolak eta Urola Ikastolak.Azken finean, ikasleek aukera izan dute Iraurgi Berritzen-ek aurkeztutako zortzi kasu errealen inguruan, benetako kasuen inguruan, lanketa eta hausnarketa egiteko. Enpresa eta eragileek proposatu dituzte kasu horiek, eta 250 ikasle inguru saiatu dira irtenbidea aurkitzen.
Hiru helburu nagusi
Egitasmoarekin, hiru helburu nagusi izan dituzte parte-hartzaileek. Ikasleen artean ekintzailetasuna sustatzea; hala nola, elkarlana eta komunikazio gaitasunak. Bestetik, irakaskuntza metodologia berritzaileak abian jartzea eta barneratzea, eta ikasleei eskualdeko errealitatea eta beharrak ulertzen laguntzea. Horretarako, bi fasetan egin dute lana: aurrena irakasleek metodologiak finkatu eta eskolara egokitu dituzte eta, bigarrengoan, ikasleek talde txikietan egin dute lana.