Asteburu borobila osatu dute Getariak eta Zumaiak traineru sasoiari ekiteko

Gorka Zabaleta 2015eko ekainaren 23a

KAE 1 Ligako lehen bi estropadak irabazi ditu Getariak Zarautzen. Zumaia nagusi izan da Gipuzkoako Traineru Ligako lehen bi estropadetan, Pasai Donibanen eta Zarautzen.Traineru denboraldia hasi baino ez da egin, baina lehen bi estropadek balio izan dut...

KAE 1 Ligako lehen bi estropadak irabazi ditu Getariak Zarautzen. Zumaia nagusi izan da Gipuzkoako Traineru Ligako lehen bi estropadetan, Pasai Donibanen eta Zarautzen.

Traineru denboraldia hasi baino ez da egin, baina lehen bi estropadek balio izan dute lehen ondorioak ateratzeko. Gizonezkoen artean, KAE 1 Ligan Getariak sendo eutsi dio iazko bideari. Zarautzen jokatutako lehen bi jardunaldiak irabazi ditu, eta ikusi da oraingoz ez duela aurkari zuzen garbirik. Getariarren atzetik badira beste bospasei traineru goialdean egoteko borroka egiteko intentzioa agertu dutenak, baina oraingoz inork ez du erakutsi getariarren sendotasunik. Lekittarra, Deustu, Pedreña, Donostiarra, Ondarroa eta Zumaia, seirak hiru puntuko tartean daude sailkapenean, eta hurrengo estropadek argituko dute zein den bakoitzak duen benetako maila.

Zumaiak lan txukunagoa egin zuen bigarren jardunaldian. Larunbatean seigarren postuan sailkatu ziren, Getariarengandik 18 segundora; igandean bi koska gorago bukatu zuten, irabazlearengandik 12 segundora. Igandeko emaitza ondo etorriko zaie aurrera begira konfiantza hartu eta pixkanaka goiko postuetan kokatzeko.

Zarautzi dagokionez, zortzigarren izan zen larunbatean eta bederatzigarren igandean. Elkarteak ostiralean aurkeztu zituen herritarren aurrean aurten uretan izango dituen bi taldeak, bata gizonezkoen KAE 1 Ligan eta bestea emakumezkoen Gipuzkoako Ligan, Getariarekin bat eginda.

Gipuzkoako Ligan, Zumaia

Emakumeen lehian ere ez da ezustekorik izan. Zumaiak denboraldi bikaina osatu du bateletan eta trainerilletan, eta ontzi handiarekin ere nagusi agertu da Gipuzkoako Ligako lehen bi estropadetan.

Erlojupekoa izan zen Ligako estreinako estropada, larunbatean, Pasai Donibanen. Harrokeria handirik gabe irabazi zuen Zumaiak, Hibaikari hiru segundo eskaseko aldea aterata. Orio laugarren izan zen, eta Zarautz-Getaria bosgarren.

Igandean Zarautzen aldeak askoz nabarmenagoak izan ziren, ordea. San Juani 16 segundoko aldea atera zion Zumaiak, eta ondoren sartu ziren Orio eta Hibaika. Zarautz-Getaria bosgarren izan zen igandean ere.

Bestalde, larunbatean jokatu zen beteranoen mailako Zumaiako III. Bandera. Lehia estua izan zuten azken txanpara arte Zumaiak eta Arkotek, eta banderak azkenean Plentzia aldera egin zuen ihes.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide