Mobilizazioak prestatzen ari dira 'herrikoen' epaiaren aurka

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 23a

Mugimendu bizia sortu da Azpeitian, eta politikari, sindikatu, eragile eta merkatarien babesa lortu dute. Gainontzeko herrietan bide bera jarraituko dute.Herriko tabernen auziko epaia berretsi ostean, hamaika ekitaldi egin dituzte Urola Kostako udalerr...

Mugimendu bizia sortu da Azpeitian, eta politikari, sindikatu, eragile eta merkatarien babesa lortu dute. Gainontzeko herrietan bide bera jarraituko dute.

Herriko tabernen auziko epaia berretsi ostean, hamaika ekitaldi egin dituzte Urola Kostako udalerrietan. Datozen egunetarako eta astebururako ere mobilizazioak antolatuko dituztela esan dute ordezkariek, eta horretan ari dira egun hauetan herriz herrikako batzordeak. Koldobike Muniain Zarauzko Arrano elkarteko bazkideak adierazi duenez, herri bakoitzak «bere modura» egingo du lan, eta ez dute bateratutako egitaraurik osatuko eskualdean, oraingoz behintzat.

Zarautzen ostegunean egin zuten Arranoren aldeko manifestazioa. Aurrera begira, gaur egingo dute bazkideen batzarra. Hitzordu horretan erabakiko dute lana nola egin, eta zer motatako mobilizazioak deitu. Ekitaldiaren formatua zehaztu ez badute ere, igande eguerdian izango da Zarauzko mobilizazio nagusia. Oraindik ez dira hasi herritarren, eragileen eta merkatarien atxikimendu eske, baina biharko bileran erabakiko dute hori nola egin.

Zumaian, osteguneko manifestazioaz gain, elkarretaratzea egin zuten ostiralean, Inpernupe parean. Ordutik biltzen ari dira Inpernupeko ordezkariak, eta ostegunean dute bazkideen bilera. Dena dela, asteburuko ekitaldiak prestatzen ari dira dagoeneko, oraindik ezer zehaztuta ez badute ere. Horrez gain, herriko eragileekin batzarrak egiten ari dira, eta merkatari eta tabernariekin ere harremanetan daude, haien babesa jasotzeko.

Getarian ere atzo egin zuten bilera herritarrek. Jendea informatzeko eta aurrera begira nola jokatu zehazteko bildu ziren getariarrak. Harraldeko ordezkarien arabera, egin behar den guztia «herritarrekin batera» nahi dute egin, beraz, aproposa iruditu zaie bileran erabakitzea zer mobilizazio prestatu. Datozen egunetan babes eta atxikimendu eske hasiko dira getariarrak ere.

Azpeitian ostegunean bertan hasi ziren batzordeak eratu eta lanean, eta ostiral iluntzerako ehundaka atxikimendu lortu zituzten. Haien artean daude Kultur Mahaiko talde eragilea, EH Bildu, EAJ, ELA, LAB, herriko 147 tabernari eta merkatari, Orkatzeko langile ohiak, musika taldeak eta herriko bestelako 26 elkarte. Kolektibo horietako zenbait ordezkarik argazki jendetsua atera zuten Sanagustin kulturgunean ostiralean bertan, Orkatzi babesa adierazteko.

Asteburuan, babes zabala

Manifestazioa ere antolatu zuten larunbatean, eta 670 pertsona inguru bildu ziren Azpeitiko kaleetako protestan eta Perez Arregi plazako ekitaldian. Behin manifestazioa bukatuta, Orkatzeko ordezkariek eskerrak eman zizkieten azpeitiarrei, eta nabarmendu zuten «benetan zabala eta anitza» izaten ari dela herritarrek kultur elkarteari emandako babesa.

Imanol Amenabar Orkatzeko langileak esan zuen «izugarria» izan dela azken egunetan jasotako atxikimendua, eta eskerrak eman zizkien herritarrei, «elkartasun eta maitasunagatik». Bestalde, azaldu zuen herritar guztiak jakinaren gainean egongo direla Orkatz ixtera joaten direnerako. «Modu baketsuan eta desobedientean» erantzungo diote azpeitiarrek itxierari.

Atzo hasi ziren Azpeitian Orkatzen aldeko egitarauarekin. Bilera, afaria eta dokumental emanaldia izan zituzten. Hemendik aurrera, egunez egun egongo da mugimendua herriko tabernan, eta ostegunean hasiko da lehendik ere prestatuta zuten Orkatzen 22. urteurrenaren harira osatutako egitaraua.

Salaketa argia Zarautzen

Agerraldi nazionala egin zuten larunbatean Zarautzen, hamaika herritako ordezkariek. Eleak eta Libre mugimenduko bozeramaile Txerra Bolinagak eta herrikoen elkarteko ordezkari Koldobike Munianek hartu zuten hitza, eta datorren asteburuko mobilizazioetan parte hartzera deitu zituzten herritarrak. «Ez dugu epai hau onartzen. Ez dugu lapurreta hau onartzen. Herriko tabernak defendatzera goaz, eta defentsa horrekin bat egiteko deia egiten diegu euskal herritarrei», nabarmendu zuten. Muniainek Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia salatu zuen, bertaratutakoen izenean, eta «1936an faxistek eginiko lokal eta ondasun lapurreta erreproduzitu» dutela esan zuen.

Horrez gain, hark adierazi zuen «herri antolakuntza eta ahaleginaren eredu» direla herriko tabernak, eta horiek ahalbidetu duela hainbat herrik «espazio irekiak izatea kultur ekimenetarako, eztabaida eta jarduera politikorako, eta mugimendu nahiz bestelako hamaika dinamiketarako». Konfiskatzeko aginduarekin hori guztia «desagerrarazi» nahi dutela azaldu zuen, beraz, Muniainek.

Bestalde, Bolinagak agerian utzi zuen «nekatuta» daudela; hala ere, honakoa esan zuen: «Herri honek argi adierazi du guztiok bat eginda ez dagoela geldiaraziko gaituen gobernu, polizia, epaile edo nekerik». «Eskubide zibil eta politikoen alde lanean jarraitzea da erasoei erantzuteko modurik eraginkorrena. Elkartasunetik konpromisora pausoa eman eta herrikoak libre nahi ditugula ozen adieraziko diegu», esan zuen.

Bileren eta mobilizazioen inguruko jarraipena egingo du UROLA KOSTAKO HITZA-k datozen egunetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide