Gure Esku Dago-k Euskal Herri osorako antolatutako ekitaldiak hainbat kilometro luzeko oihal koloretsuekin hasi ziren, baina irudi asko utzi zituen egunak. Eskualdean, hauek.
Egun berezia eta biribila izan zen igandekoa milaka euskal herritarrentzat. Modu sinbolikoan, eta jai giroan, publikoki azaldu zuten erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera. Urola Kostatik ehunka eta ehunka herritar atera zen kalera, gehienak Donostian, Gure Esku Dago herri ekimenak egindako deialdiarekin bat eginez. Oihal koloretsuek zeharkatu zuten Gipuzkoako hiriburua, eta eguzkitan gustura batzuk, eguzkitik babestuz txapel, zapi eta eguzkitako betaurrekoekin asko, giza katea egin zuten aldarrikapenez betetako oihalak aireratuz. Gero, festa giroan murgildu ziren gehienak.Antolakuntza lanean aritu ziren beste lagun asko: sukaldeko lana egin zuten gehienek, jendaurrekoa beste batzuek. Jon Maia zumaiarra bertsotan entzun zen Anoetan; Eñaut Elorrieta Getariako bizilaguna kantuan pianoaren laguntzarekin; eta Mikel Aranburu Realeko jokalari ohi azpeitiarrak, danborrada berezi batean hartu zuen parte.
Festa giroan, baina mezu serioa helarazi zuten herritarrek. Hurrengo ekimen publikoaren aurretik, fin-fin lanean jarraituko dute gaurtik aurrera lantaldeek herriz herri, etorkizuna gure esku dago sinestuta.